Ahulenak beti kolpatuenak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2023ko urr. 11a, 15:21

25 urte zituen Kevinek. Jaio eta urtebetera utzi zuen bere jaioterria, Ekuador, ama Nafarroara etorri baitzen bizitzera. 60. eta 70. hamarkadetan Espainiako hainbat lekutatik etorriak ziren, aitzinetik, etorkinak Berara. Eta mendearen hasierarekin izan genuen bigarren olatu bat, geroztik etenik izan ez duena. Berria zen egoera hura guretzat, eta herrian hainbatek saiakera egin genuen urrutiko lurraldeetatik etortzen hasi ziren haiengana hurbiltzeko. Ekuadortarrak ziren komunitaterik handiena. Eta haien artean zegoen Zoyla Jimenez. Hogei urte baino gehiago daramazki Beran, amesten zuen bizimodu berria egunez egun eraikitzen.

Igandean argindar-instalakuntzak su hartu, eta erreduren eraginez hil zen Kevin Vladimir Paredes Jimenez, Zoylaren semea. Ametsak erraustu zaizkie igande bateko bazkalondoan Zoylari eta Kevini. Beran hazia eta hezia, Dantxarineko benta batean ari zen lanean Kevin, bertze beratar aunitzen gisara.

Zorte txarrari egotziko diote aunitzek gertatutakoa. Eta izanen du horretatik ere. Baina ahulenak izaten dira beti kolpatuenak. Etxebizitza zaharrenetan bizi dira gurera lan bila etorritakoak. Argi-instalaziorik kaxkarrenak dituzten etxeetan bizi dira. Maiz, egoera txarrean diren etxebizitzak. Sarri, familia batek ezin alokairua ordaindu, eta etxea partekatu behar izaten dute hainbat pertsonaren artean. Gure herrian ere arazo latza da etxebizitzarena, eskaintza ezdeusa, eta prezioek etengabe egiten dute goiti. Hemen ere ikusten ari gara etxebizitzak gelaka alokatzea, elkarren artean ezagutzen ez duten familiak elkarrekin bizitzen paratu beharra, alokairuari aurre egin ahal izateko. Eta prekarietate horretan, baldintza kaxkar horietan, errazagoa da istripuak gertatzea, baita lazgarrienak ere. Ez, ez da kasualitatea horrelakoetan ahulenak izatea beti kolpatuenak.

Lurrak gozo har zaitzala, Kevin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!