Lan egiten dudan erakundeak, Elhuyarrek, 50 urte bete ditu. Ortzegunean ospatuko dugu Donostian. Garai oparoa izan zen euskararentzat bezala herri mugimenduarentzat ere. Elhuyar ez ezik, garai berekoak dira UEU, Elkar edota Arturo Campion euskaltegia, eta baita hainbat ikastola ere. Dena zegoen egiteke euskararen eremuan, eta herri-gogo bizia zegoen. Frankismoaren azken urteak ziren, eta mugimendu sozial eta politiko handia nabari zen han-hemen.
Gizartea arrunt aldatu da geroztik. Baina erakunde hauek bizirik diraute, eta euren eginbeharrak ez du aparteko aldaketarik egin. Nabarmen egin du goiti euskararen ezagutzak eta erabilerak geroztik, baita Nafarroan ere. Baina egitekoa, aitzinetik duguna hain da haundia, ahalegin guztiak motz gelditzen direla.
Kexu izaten gara, sarri, gizarteak ez duela aski egiten. Baina ekosistema aberatsa dugu, eta geroztik ere batu dira hainbertze eragile: irrati-sare zabala, Euskalerria irratia kasu, tokiko aldizkariak, Berria egunkaria, euskaltegiak, euskara elkarteak, Karrikiri edo Laba bera... Bizirik dago euskararen herri mugimendua. Bultzada politikoa, berriz, apala da oraindik. Eta euskararen lurraldea hedatzeko mugak ere handiak dira. Horri puzka ibili beharko dugu hurrengo urteetan ere. Eta beharko ditugu Errigora, Korrika, Nafarroa Oinez, Euskaraldia eta zernahi egitasmo. Eta horiek guztiak babestu eta bultzatzen dituzten erakundeak. Naturarekin bezala, ekosistema zaintzea guztion zeregina delako. Orain 50 urte, eta 50 urte aurrerago ere.