Joan den astean UEMAK herri euskaldunetako haur eta gazteen artean egindako ikerketa baten emaitzak ezagutzera eman zituen. Biharamunean, titularra honako hau zen: Uemako herrietan, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenekoz telesail bat. Testuak aitortzen du arazo nagusia dela datorren ia guztia gaztelaniaz heldu dela hegoaldeko etxeetarat. Baina, aldi berean, titularrean aipatzen da lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dutela azkenekoz telesail bat. Eta egia izanagatik ere, fokua nora begira paratu behar den garrantzitsua da. Izan ere, gazteek inoizko eskaintzarik txikiena dute euskaraz. Orain 30 urte zenbaki absolutuetan, behar bada, are ttikiagoa izanen zen eskaintza hori, baina portzentualki aunitzez ere handiagoa zen, eta ETBk, euskara indartzeko asmoarekin, erreferentziazko telesail eta marrazki bizidunak eskaintzen zituen.
Geroztik, ikus-entzunezkoen mundua arrunt kanbiatu da. Erreferenteak atzerriko plataformak bihurtu dira. Eta legez ez dute euskarazko edukirik sortzeko beharrik. Ikus-entzunezkoen sektorearen eskaintza osoa segitzea bera ezinezkoa da, eta horien artean euskara bezalako hizkuntza txikituak arrantzatzea, miraria.
Hortaz, fokua gazteek zer ikusten dutenari begira paratu beharrean, sortzaileengan paratu beharko genuke, eta bidenabar, legez eduki guztiak gure hizkuntzan hartzeko eskubidean. Ia gazteei euskara erabiltzen ez dutenaren zama hori kentzen diegun. Edo arindu, bederen.