Europako hizkuntzen eguna izan zen atzo. Hizkuntza aberastasuna aldarrikatzeko egunak ez zuen ekitaldi ofizialik izan gurean, ez adierazpen ponpoxorik, ez argazkirako bertzelako ekimenik ere. Sare sozialetan apenas txioren bat. Ezdeusak gara, geure hizkuntza-eskubideak bezalaxe.
Berriki, Euskararen Nafar Kontseiluak euskara alemanaren azpitik paratzen duen dekretuari ezezkoa eman dio. Organo honen erabakiak ez dira lotesleak, baina kontuan hartu beharko lituzke Gobernuak. Tamalez, badakigu nola bukatuko den afera.
Alderdi abertzaleek inoizko botere-mailarik handiena dute azken bi legegintzaldietan, baina euskaldunon eskubideetan ez da urratsik ematea lortu. Herritarrak bizitokiaren arabera sailkatzen dituen lege bakarra dugu Nafarroan, euskararena, eta horren aipamenak berak tabua izaten jarraitzen du. Itsukeria eta gorrotoa gainditzeko bidean ez dugu aurrerapauso bakar bat ematea lortu.
Bai, diru publiko gehiago bideratu da hizkuntza-politika jakin batzuetarako, bereziki hedabideekin eta helduen euskalduntzearekin lotutako ekimenetarako. Baina hortik haratago, ez da lortu inolako urratsik ematea eskubideen alorrean. Administrazioak erabat erdalduna izaten segitzen du. Egunero, sistematikoki, urratzen dira herritarron eskubideak. Eta abertzaleak ez diren alderdiengan honek guztiak ez du inolako ondoriorik. Desgastea, sufritzekotan, alderdi abertzaleek pairatzen dute. Politikaren paradoxak.
Agian horregatik, bi koalizio abertzaleek hutsune handiak dituzte hizkuntza-politikaren alorrean. Hasi berria den ikasturte politikoak, zaratatik haratago, ez dut uste aldaketarik ekarriko digunik alor honetan. Alemana jakitea, bistan da, praktikoagoa da gurean.