Makroetxaldeek kutsatu egiten dutela salatu du Espainiako ministro batek. Eta hautsak harrotu ditu. Min eman die arerio politikoei, eta, batez ere, eurek defenditzen dituzten interesei. Ez baita zuk edo nik egindako salaketa.
Polemikaz haratago, makroetxaldeen arazoari heldu nahi diot nik, Arga Iruñerritik pasatzen dela aprobetxatuz (hau ere bere bidetik aterata, maiz, azken boladan). Edozein ertzetik begiratuta ere astakeria dira etxalde erraldoi hauek, eta Nafarroan badugu kezkatzeko motiborik. Esnea ekoizten duen Valle de Odieta enpresaren kaparrosoko haztegia egin da ezagunena azken boladan, baina Nafarroan baditugu bertze 50 txerri-haztegi 2.000 abelburutik goiti dituztenak. 50!
Animalien bizi-kalitatea egokia dela defendituko dute haztegietako jabeek, baina metro koadro batean itxita, ia mugitzeko tokirik gabe, pentsua bertzerik jaten ez dutela kalitatearekin lotzeko ezintasuna agerikoa da. Ez da hagitz jakintsua izan behar etxalde horietako kalitatea ez dela egokiena, nahiz merkaturatzeko jarritako estandarrak bete. Horrek erakusten duen bakarra da estandar horiek zeinen merkeak diren. Saldutako haragi eta esne horren prezioa bezain merkeak.
Eta ingurumenari kaltea dago, bertzetik. Larrialdi klimatikoari aitzin egin nahi badiogu gure eredu produktiboa osoki aldatu behar dugu, eta bereziki elikadurarena. Tokiko ekoizleei erostea, kontsumo-taldeak eratzea eta nekazaritza estentsiboaren alde egin behar dugu, ezinbertzean. Elikagaiak non eta zein preziotan erosten ditugun bada erakusle ona.
A! Eta ministroaren hitzak kritikatu dituzten horiek pentsatzen al dute klima-larrialdi gainditzeko aski dela gure autoak bertze auto elektriko batzuengatik ordezkatzearekin? Klimarenak eta gureak egin du.