Printzeak ez daki euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2021ko mai. 5a, 14:14

Vianako Printzea kulturaren sarirako hautagaien berri eman zuten atzo. Nafarroako Gobernuak kulturaren alde Nafarroan lan egin duten norbanako eta erakunde nabariei ematen dien saria da. 32. aldia izanen du aurtengoak, 1990. urtean lehenbizikoz eman zenetik. Bederatzi hautagaietako bat aukeratu beharko du Nafarroako Kulturaren Kontseiluak.

 

Bada, aitzineko 31 aldietan bezal-bezala, aurten ere, ez da saritua izanen euskaraz sortzen duen pertsona edo erakunderen bat. Inoiz. 32 aldi hauetako bakar batean ere ez da saritu euskarazko kultura sortzen eta zabaltzen lan egindako erakunde edo norbanakorik. Sekula santan. Hautagai izan dira behin baino gehiagotan, baina euskarazko kulturaren ordezkaritzak Nafarroako Kulturaren Kontseiluan duen pisu eskasak batetik, eta, oro har, Nafarroako kulturaren ekosistema ofizialean, Nafarroako Gobernua buru, euskarak duen ikusezintasunak ahalbidetuko dute, bertze behin, bertako ondare eta hizkuntza den, kultur elementu gorena den euskara zokoratua izatea. Guttietsia. Saririk gabea.

 

Ez, ez da kasualitatea. Sistema osotik zokoratua eta kanporatua dago euskarazko kultura. Udal jarduera bakan batzuetatik eta dirulaguntza ttiki batzuetatik haratago, euskarazko sortzaileek, kultura euskaraz garatzen dugun emakume eta gizonok ez dugu tokirik Nafarroa ofizialean. Ez gobernuarentzat, ez Iruñeko Udalarentzat, ez hedabide nagusientzat, ikusezinak gara.

 

Ikusgarritasun hori aldarrikatuko dugu, bertze behin, maiatzaren 28an Atarrabian eginen ditugun Hari izpia hartzen jardunaldietan. Izan, bagarelako. Egon, bagaudelako. Eta, batez ere, Nafarroako kultur eskaintzan ezinbertzeko elementua delako euskarazko sorkuntza. Printzeak ez daki euskaraz, baina ikasarazi beharko diogu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!