Ainhizek zientzialari izan nahi du

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2021ko ots. 10a, 12:35

Ainhizek 6 urte ditu. Bere adineko neska gehienek bezala, berak ere uste du mutilak neskak baino argiagoak direla. Baina, hala ere, zientzialaria izan nahi duela erran du etxean. Harrituta begiratu diote, zientzia jarduera maskulinoa dela uste baitute gurasoek, heldu gehienek bezala. Pandemiak eragindako moda dela uste dute, eta pasako zaiola. Lanbide horiek ez direla egokiak neskentzat, pentsatzen dute. Izan ere, guti dira Ainhizek bezala, zientzia eta teknologiarekiko joera duten neskak. Eta gero eta gutiago dira. Datuak hagitz gordinak dira: arlo zientifiko-teknikoko hamar langiletik lau baino ez dira emakumeak. Ikastetxeetan, berriz, panorama anitzez ere okerragoa da: Lanbide Heziketan, hamarretik bat baino ez da emakumea arlo horietan. Unibertsitatean, hamarretik hiru.

Pandemiak inoiz baino ageriago utzi digu zientziaren beharra. Eta jakintza-eremu hori, bertze edozein bezala, ezin da hain desorekatua egon. Zientzia eta teknologia ezin dugu bakarrik gizonen eskuetan utzi. Ikerketa-taldeetan ere behar-beharrezkoa da genero-ikuspegia lantzea, gizartearen isla egokiagoa izan dadin.

Bihar, Ainhize eta Ainhize bezala zientzialari izan nahi duten neska eta emakume zientzialarien eguna da. Azkeneko urte honetan koronabirusaren borrokan aritu diren emakume horiek guztiak omentzeko eguna. Zientziak ere betaurreko moreak behar baititu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!