Erronka horri heldu nahi zion Euskaraldiak aurten: parte-hartzaile gehiago izatea, euskara jende gehiagorekin egitea, eta gehiagotan aritzea euskaraz. Baina pandemiak dena hankaz goiti paratu du, baita Euskaraldiaren dinamika bera ere, eta nekez lortu ahal izanen dira hasierako helburuak: gutiago ateratzen gara karrikara; gure harremanak nabarmen murriztu dira; sozializaziorako gune nagusiak itxita daude, tartean ostatu eta jatetxeak, bertze aunitz hagitz mugatuak... Bideodeiak eta telefono-deiak dira, seguru aski, orain bi urteko ariketatik mintzapraktika areagotzeko aukera ematen diguten espazio bakanak. Izan ere, azken urte honetan hainbertze ohitura aldatu behar izan ditugu!
Eta horrek erakusten digu ohiturak aldatu alda daitezkeela. Pandemian halabeharrez egin ditugu. Euskaraldiarekin, kontzienteki, hausnartuta eta geronek erabakita eginen ditugu. Hortxe baitago aldea.
Euskararena ez dugu pandemia bat izatea nahi. Bai, ordea, kasik konturatu gabean, birusaren gisan, gure etxean, lantokian, kirolgunean, ostatuan, lagunartean edo bertzelako edozein espaziotan sartuko den xomorroa. Eta honek bai aldatzen duela bizimodua! Bertze modu batera ikusten eta bizitzen dira gauzak. Euskarak leiho anitz eman dizkit ingurura begiratzeko, munduari begiratzeko. Nirea, propioa, desberdina, aberatsa. Erakusleiho hori zabaldu nahi diet, bereziki, bide horretan ari direnei, euskara ikasten ari direnei; euskara ikasi bai, baina jendearen aitzinean oraindik segurtasun nahikorik ez dutenei; euskaraz ongi dakiten arren, dena delako arrazoiengatik, egunerokoan erabiltzen ez dutenei. Paratu belarriprest txapa paparrean, eta saiatu. Ni, ahobizi. Begiratu leihoaren kanpoko aldean dagoenari.