Gaindituta

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2020ko urr. 14a, 12:29

Ez nuen koronabirusaz solas egin nahi, baina, halabeharrez, gaiari helduko diot. Nafarroako bi ospitaletan ibilki naiz egunotan, eta bertan ikusitakoak beltz irudikatzen du panorama, beltza beltzago.

Ez dira toki goxoak izaten ospitaleak, berez. Krudelagoa da panorama, oraindik.

Larrialdietako eraikina bitan banatua: ustez kutsatuak eta ez kutsatuak. Osasuntsu dauden familiarrei eraikinetik aldentzeko, kanpoan esperoan egoteko eskea.

Ospitalean ohatzeak eskas. Ia 300 gaixo koronabirusarekin ospitaleratuak Nafarroan. Protokolo estuak, bisita hagitz mugatuak, plastikoz goitik beheitira babestutako profesionalak eta familiak. Eta beldurra. Beldur handia, profesionalak, familiak eta gaixoak, denak beldurra hezurretaraino dutela. Profesionaltasuna eta konpromisoa dira beldurrarentzako armarik handiena. Nahiz eta gaindituak dauden.

Administrazioak ez ditu etxeko lan guztiak egin. Hori hala da. Baina pandemia egoera batean ere, uste dut, inork ezin dituela egoera denak aurreikusi, eta baliabide guztiak eskas direla. Bertze aldean, herritarrok, uste dut, ez diogula behar bezainbertzeko seriotasunez heldu gaiari. Erlaxatu egin gara. Beldurra galdu diogu birusari. Asintomatiko kopuru handiak eta hildakoetako gehienak lehendik eri ziren adinekoak izateak garrantzia nahikorik ez ematea ekarri du.

Adinekoen egoitzetan, ospitaleetan, anbulatorio eta kontsulta-etxeetan dauden profesionalek gehiago merezi dute. Eta baita gure adinekoek, gaixoek eta edozein arrisku-taldeko kideek ere. Eman diezaiegun arnasa, gainezka egin baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!