Greba digitala

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2020ko api. 22a, 12:35

Konfinamenduak ageri-agerian paratu du arrakala digitala. Lehen ere bazegoen, baina bakardadea, komunikazio falta eta aisialdiko edukietara sarbidea anitzez ere mugatuagoa dute egunotan mundu digitalean moldatzen ez direnek, edo baliabide faltagatik sarbiderik ez dutenek. Adinekoak eta baliabide guttieneko familietako eskola umeak, berriz ere, baztertuak izaten ari dira. Ura bezala, etxe guztietan interneterako sarbidea dagoelakoan irudikatzen dugu mundua.

Kontsumo digitalak eztanda egin du egunotan, bai. Eta probetxua, betiko moduan, bakan batzuek atera diote, bereziki Amazonek eta Netflixek. Aberatsak aberatsago, pobreak pobreago.

Euskarazko kultur sortzaileak emanaldirik gabe gelditu dira. Eta hilabeteak beharko dira berriz plazetara eta oholtzetara goitu ahal izaterako. Batere diru-sarrerarik gabe gelditu dira artista denak, eta kezkagarria da gurea bezalako kultura ttiki batean, non profesional izatea, duintasunez kultura sortzetik bizitzea, miraria den.

Horregatik, atzo eta gaur greba digitala egiten ari dira euskal sortzaileak, euren edukiak ez partekatzeko eskatuz. Nik bat egin dut euren aldarrikapenekin, mundu digital ero honetan kultur sortzaileen lanak, eta bereziki euskarazko edukiak debalde izan behar dutenaren ustea erabat barneratua baitugu, Amazon edota Netflixen edukiak ordaintzea arrunta iruditzen zaigun tenore berean. Prest gaude sareko euskarazko edukiengatik ordaintzeko? Balio dezala greba digitalak norberak bere gogoeta egin eta erantzuna emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!