Oztopo-lasterketa bat da, anitzetan, karrera zientifikoa emakume zientzialarientzat. Halaxe aditu diot telebistan Alaitz Ochoa de Eribe lankideari, atzoko emakume eta neska zientzialarien nazioarteko egunaren aitzakiatan. Beregana jo dut, argibide batzuk eman diezazkidan. Argitu dit gizonentzat ere oztopo anitz daudela gehienetan, baina gainditu beharreko hesi horiek altuagoak eta arantzatsuagoak direla emakumeentzat.
Laborategi eta ikerketa-gune panpoxoen barrenean prekarietatea hagitz zabaldua dagoela oroitarazi dit Alaitzek. Minbizia, gaixotasun arraroak, edo berehala merkatuan tokirik izanen ez duten, baina etorkizunerako giltzarriak izan daitezkeen materialak, gaiak edo botikak ikertzeko inork ez duela inbertitu nahi.
Horrek, eta bertze faktore batzuek, izugarri lehiakorra egiten dute karrera zientifikoa, eta merituak pilatze horretan, emakumeak izaten dira kaltetuenak. Eta zer erranik ez, amatasuna tartean sartzen bada.
Datu batzuk ere eman dizkit lankideak: goi mailako zientzialarien hirutik bat baino ez da emakumea. Eta horietatik laurdenak baino ez du lortzen prestigiozko postuetara heltzea. Medikuntza, Fisika eta Kimika Nobel sarietan ere antzematen da hori: 572 gizon saritu dituzten bitartean, 17 emakume baino ez dituzte saritu. Kristalezkoa baino, sabai horrek porlanezkoa dirudiela aipatu diot Alaitzi.
Azken boladan euren lana ezagutzeko aukera izan dudalako, gogora etorri zaizkit Nafarroako mendialdeko hainbat emakume zientzialari gazte, Maxux Perugorria beratarra, Amaia Lujanbio goizuetarra edota Nerea Zabaleta leitzarra ikerlariak, errate baterako. Hirurek atera behar izan dute Nafarroatik ikertu ahal izateko. Euskaldunak badira ere, ez dute aukerarik euskaraz ikertzeko. Oztopoa oztopoaren gainean.