Porrota

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2020ko urt. 15a, 14:04

Gero eta jende gehiago bizi gara Nafarroan. Titularrak tranpa du, ordea. Izan ere, Nafarroan populazioak goiti eginagatik ere, despopulazio tasa handiak daude eskualde anitzetan. Herri eta bailaren hustea etengabekoa da, eta horietako batzuk heriotzara kondenaturik daude, lehendik ere bertze herri anitz bezala. Bereziki da deigarria Pirinioetako egoera, Ameskoarekin batera. Baina alarmak piztu beharrean dira ere bertze hainbat eskualdetan: Pirinioaurrea, Zangozaldea, Larraun, Jurramendi, Malerreka...

Laneko adinean dagoen jende gutien duten eskualdeak dira, bide batez. Eta hori, politika zentralista baten porrota da. Zerbitzu guztiak eta lanerako aukerak Iruñerrian kokatu dira azken hamarkadetan, eta politikak horretara bideratu dira, lurralde-kohesioari inolako garrantziarik eman gabe. Hor ere, generoak badu zerikusia, eta prestakuntza eta lan bila atera behar izaten duten lehenak emakumeak dira, euren lurraldeak apenas ematen baitie aukerarik garatzeko. Iruñerrian bizi da, dagoeneko, bi nafarretik bat. Eta arrakala handitzen joanen da: industriarik, garraio publikorik, ekipamendurik eta inbertsio seriorik egiten ez den bitartean, nekez joanen baita jendea leku horietara bizitzera. Errepideak txukuntzetik haratago, politika integralak behar dira, arazoari errotik helduko diona. Bertan bizitzeko aukerak eman behar dira. Despopulazioaren kontrako gainerako politikek porrot eginen dute, bertzela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!