Datuak gordinak dira: Espainian, 30 urte azpiko gazteen % 18 baino ez da emantzipatu. Horren gibelean dagoen arrazoi nagusia alokairuen prezioa da. Gazte batek bere soldataren % 94a bideratu behar luke alokairua ordaintzera. Katalunian, soldata bakarra ez da aski: % 120 behar da. Euskal Herriko daturik ez dut aurkitu, baina ez da Kataluniakotik hagitz urrun egonen, seguruenera ere.
Alokairuen etengabeko garestitzeak baditu bertze bi arrazoi are gehiago larriagotzen dutenak kontua: lan-munduaren prekarizazioa, gazteak izanik gehien pairatzen dutenak, soldata miserableekin; eta etxebizitza-publikoen sustapen-politika negargarriak, erosketa lehenetsi duena hamarkadetan zehar, alokairuaren kulturaren kaltetan.
Azken urteotan Euskal Herriko administrazioa alokairuaren kultura sustatzen ahalegintzen ari da, dirulaguntzak ematen ditu gazteen emantzipaziorako, baina neurri horiek guztiak, oraindik, hagitz sinbolikoak dira. Europako hainbat hirik hartu duten bidea hartu beharko dute Euskal Herriko administrazioek ere: alokairuen prezioa mugatu. Hori eta soldata duinak edukitzea ezinbertzekoa dira. Eta hirugarren hanka: etxebizitza publikoaren % 100 alokairukoa izatea. Bitartean, bertzela, gazteek euren arima alokatuta jarraitu beharko dute.