Norberak bere buruari paratzen dion autozentsura omen da guztietan larriena. Tira, batzuetan hala izanen da, baina kezkagarriagoa eta larriagoa egiten zait estatuek eta multinazional handiek, eskutik hartuta, etengabe ezartzen diguten zentsura eta askatasun urraketa. Azkena Espainiako Gobernuarena izan da, hauteskunde-kanpainaren erdian onartu duen dekretuak eskumena ematen baitio urgentziaz edozein webgune ixteko, inongo epaileren agindurik gabe. Guztia ordena publikoa bermatzen dela edo kalte ekonomikoak saihesteko argudiopean. Mozal legea aski ez, eta haratago joan da ustez ezkerrekoa den gobernua. Kataluniako egoera eta Tsunami Democratic bezalako plataformak aitzakia perfektua izan dira dekretua argitaratzeko
Gizartea lokartzeko bertze ahalegin bat da, bistan denez. Aspaldian gaude isilduta eta kikilduta, gure eskubideen urraketei erantzuteko gaitasunik gabe. Garai batean hedabideak izan ziren adierazpen askatasun horren aldarrikapenen bozgorailu. Gaur egun, sisteman ongi txertatuta daude hedabide gehien-gehienak, botere ekonomikoen menpe. Estatu poliziala ezarri zaigu, kontrol politiko eta soziala erabatekoa izaten ari da. Eta guk, gure burua autozentsuratzen jarraitzen dugu, beldurrez itota.