Infernukoak gu

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2019ko urr. 24a, 12:50

Artaldeko ardi guztien buruak estaltzeko adina txapel biltzen ari da Julen Arburua lekaroztarra han eta hemen. Aurkezten den gasna sariketa guztietan lortu du garaipena azken boladan. Infernuko artzainak gasna perfektuaren formula aurkitu duela dirudi. Eta hori, 27 urte bertzerik ez dituela. Sari guztiak lortzea bezain harrigarria egiten zaigu 27 urteko gazte batek artzain eskolan ikastea eta artzaintza ogibidetarako hautatzea.
Sari horietako bat lortu berritan bere gasnak deabruaren prezioa hartuko ote zuen galde egin zioten, egiten duen Infernuko gasnari erreferentzia zuzena eginez. Neurrian ekoitzi nahi omen du, eta oinak lurrean dituela segitu, egunero-egunero goizeko 06:00etan jaikita Orabideko Kortari baserrian. Arratseko 22:00ak arte ez du atsedenik, eta bere adineko gazte gehien-gehienen bizimoduarekin deus guti du ikustekorik bereak. Netflixerako astirik ez duela aitortu zuen elkarrizketa berean.
Horreinen hurbileko, atsegin eta irrifartsu ageri zaigun lekaroztarrak hainbat karrikakumeren inbidia sortu du. Baina inork gutik nahi dugun lanbidea hautatu du, sakrifikatua, gogorra, modernitatearekin lotzen ditugun horietatik urrun dagoena. Galbidean dagoen eta etorkizuna kolokan duen ogibidea du Julenek. Modernoek ez dugu mendian galdurik ibili nahi, ez naturarekin borrokan, edota artaldeekin solasean aritu beharrik. Ez, modernoek ez dugu nahi goizeko 06:00etatik arratseko 22:00ak arteko 7 eguneko asterik. Baina gero, gasna kiloaren prezioa infernukoa dela salatzeko azala dugu. Infernukoak gu! Barka gaitzatela Julenek, eta Julenek bezala ingurunea eta natura zaintzeko ardura lanbide hartu dutenek. Infernua bertzerik ez dugu merezi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!