Amatxirekin mezetara joan nintzen aldi bakanetan hartu nuen asperraldiagatik, edota hitzak erakarrita, umetan ez nuen katoliko izan nahi, protestante baizik. Protesta egitea gustuko nuen, eta, harrez gero, zerbait gelditu da nire baitan.
Nafarroak batzen duela dioten horiek, aldiz, uste dute protestak ez duela deusetarako balio. Grebek, manifestazioek edota bertzelako aldarrikapen bideek ez dute deus konpontzen, areago, gauzak okertu egiten dituztela diote. Eurek ez dute protestarik behar, gezurra eraikitzen dute, hedabide eta sare sozial nagusien bidez hedatzen dutena, egunero-egunero, xirimiriaren gisan. "Aurkeztu zaitezte hauteskundeetara, eta irabaz itzazue", erran izan dute behin baino gehiagotan. Argudio horrek, orain, ez die balio, eta, hortaz, eurek egin dira protestarako eskubidearen jabe.
Zorionez, errealitateak erakusten digu Navarplumako langileek lan-hitzarmena lortu dutela; Erriberako baratzeetako langile batzuei eskubideak aitortu zaizkiela; La Manadaren auzia ez dugula gustuko; Altsasukoak aske behar ditugula; berdintasun errealik ez dagoela; edota euskarak ez duela dagokion tokia bere lurraldean, Nafarroan. Horiek guztiak protestaren bidez lortu ditugu. Eta protestan segi beharko dugu. Badaude bertze bide batzuk, eta guztien batura behar da helburuak erdiesteko. Edo izan da protestarik gabeko iraultzarik?