Mozorro-besta

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2019ko urt. 30a, 13:19

Inauteri garaia da. Egunotan, urteroko moduan, irudi bitxiak ailegatu zaizkigu Ituren eta Zubietatik, Uitzitik edo Leitzatik. Hurrengo asteotan ere Nafarroako iparralde guztia beteko zaigu inauteri giroz.

Aitortuko dut hagitz inauterizalea naizela. Lau trapu hartu eta karrikara bestara ateratzen den horietakoa naiz. Eta gustura, gainera! Azken batean, inauteria gure egunerokotasunetik eskapo egiteko, eraldatzeko, izan nahi genukeen hori izateko... aukera paregabea da. Librea da, egun bakar batez, emakume biboteduna izatea; lumadun mutila; lesbiana, gay edo transexuala; larruazal beltzarana edukitzea demasa da, arabiarrak ongi etorriak dira, baita errefuxiatuak ere. Funtsean, aske gara nahi dugun moduan jokatzeko. Eta hori, egungo gizartean, ia-ia miraria da. Bai, itxura hutsetik, egun bakarreko kontu izatetik, eguneroko ogi izatera pasa behar dugu, baina aitzakia ederra izan daiteke gai horietaz solastatzeko ere!

Gurean, gainera, izaera eta nortasun handiko ohitura izaki, aukera ezin hobea da, globalizaziotik eskapo, herri gisa zer garen eta zer izan nahi dugun kontziente izateko. Bai, badakit inauteria ez dela hausnarketa ariketa kolektiboa, baina, prezeski, horrelako ekitaldi masibo eta herrikoiek laguntzen dute, bertze deusek baino gehiago, gure izatea, gure kontzientzia eta gure nortasuna eraikitzen. Horregatik da, ezinbertzekoa, inauteria behar bezala transmititzea, eta, batez ere, gozatzen ikastea. Hartu lau trapu, eta atera bestara. Atera izan nahi duzu hori izatera

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!