Kontsumoaren gizartean bizi gara. Eta hainbat eremutan kontsumismoari mugak paratzeko mugimenduak sortu badira ere, ez dute arrakasta handiegirik lortu. Gure planetaren baliabideak mugatuak dira, eta, hortaz, ezin dugu oraingo erritmoan kontsumitzen segitu. Hori hala da.
Baina, bitartean, gehiago kontsumitzeko eskatzen zaigu, ekonomia kapitalistaren gakoa hori baita: hazkundea izatea nahi badugu, gehiago kontsumitu behar da, lanpostuak sortzea nahi badugu, gehiago kontsumitu behar da.
Nik ere kontsumoaren apologia eginen dizuet, gaur, irrati bidez, geure hizkuntzaren eta kulturaren kontsumoarena. Gaur berean ireki ditu ateak Durangoko 53. azokak, eta euskarazko kultura gehiago kontsumitzeko aldarria egitea ezinbertzekoa da. Gure ekosistema bizirik mantenduko badugu, ezinbertzean irakurri eta kontsumitu beharko dugu euskaraz. Gaur gaurkoz, euskal herritarren % 6k bertzerik ez baitugu, normalean, irakurtzen euskaraz, eta bertze % 5 batek, tarteka. Ez dira datu anitzez hobeak egunkari eta telebistarenak ere, euskal herritarren % 6k eta % 10k kontsumitzen baitugu euskarazko egunkaria eta telebista.
Azoka anitz beharko ditugu, eta kontsumoa sustatu. Bertze salgaietan ez bezala, kulturaren eta hizkuntzaren kontsumoak gure planeta elikatzen baitu, aberastu, ureztatu eta indarberritu. Hortaz, kontsumitu dezagun!