Belaunaldi desberdineko pertsonak, emakumeak gehienak. Gibelera begira, ez nostalgiaz, ikasteko gogoz baizik. Gure herrian, Euskal Herrian, 1936 eta 1939 artean zer gertatu zen ikasteko gogoz. Eta ez bakarrik ikasteko, begirada kritiko batez begiratu, eta gainerakoei gogoeta eragiteko asmoarekin. Herri antzerkiaren bidetik eraiki dute Harritik Hazia antzezlana hainbat beratarrek, eta Gerra Zibila emakumeen begietatik landu dute, betaurreko moreak jantzita. Atarrabian egonen da ikusgai bihar arratsaldean, eta Arantzan hurrengo asteburuan.
Horrelako kultur politikak behar ditugu, herritarrak aktore paratzen dituztenak, sortzaile, kritiko, elkarlanean. 12 eta 70 urte arteko aktoreak dira, gehienak aitzinetik antzerkian esperientziarik gabeak. Musikariak, idazleak, bertsolariak eta bideogileak elkartu zaizkie.
Herri hau hainbertze zigortzen dugu, hain errazki jotzen dugu kritikara, lokartuta gaudela, amildegian beheiti goazela, atzendu ere egiten zaigula, sarri, zenbat lan kolektibo dagoen, zenbat lan egiteko gauza garen. Hau ere bada auzolana, XXI. mendean kulturaren inguruan egiten baita auzolanik gehien. Harritik eta herritik hazitako auzolana gara.