Burua atera

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2018ko mai. 10a, 13:14

Ttikitasunean, ia ezdeusa denean, ahaleginak eta bi egin behar izaten dira burua atera ahal izateko. Sistema guztia ahots nagusiak aditzeko prestatua dago. Berdin pertsonen artean, eta berdin talde zein erakundeen artean ere. Ttikiei ahotsa ematea bermatu behar da, baina horrek berak ez du erran nahi arrazoia dutenik, erraten duten guztia garrantzitsua denik.

Lezioa ongi ikasita etorri da Beltran anderea. Ttikia, ia ezdeusa da Nafarroako mapa politikoan. Eta urtebeteren buruan eginen diren hauteskundeetan hazteko baino, desagertzeko arrisku handiagoa duela jakitun da. Bere alderdiaren eta bere ustelkeria tarteko, batetik, eta euren ingurukoek hazten lagundu duten lehengusua nahi baino gehiago hazi delako.

Eta desagertu nahi ez badu burua atera behar duela badakienez, hasi da burua ateratzeko ahaleginean. Eskuinetik inork biderik kenduko ez diola erabaki du, eta euskararen kontrako bandera hartu du eskuetan. Inposizioaren diskurtsoa bereganatu du, inor hizkuntza bat inposatzen abila bada bera denean, eta bere alderdia, eta bere gobernua.

Ttikiei ahotsa eman behar zaie, bai. Baina erran behar duenak funtsik ez duenean, iraingarria, gezurra eta manipulazioa oinarri dituenean, kasurik egin ez, eta bertze norbaiti dagokio tonua ematea kantuari. Euskaldunok badugu kanturako tradizioa. Ia, behingoagatik, gure ahotsa bertzeen gainetik aditzen den eta burua ateratzen dugun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!