Luciak ezin du medikutara joan gaixotzen denean. Ezta Manuelek ere. Ez Addisek, ez Shik, ez Simonek, ez Mikek, ez Edwinek… Ezin dute medikutara joan medikuak kontsultan artatu nahi baditu ere. Ez dute osasun arretarako eskubiderik bertako agintariek baimena eman arren. Eta ezin dira osasun etxera joan gaixotutakoan, bertako herritarren gehiengoaren nahia hori bada ere. Ezin dute joan epaitegi arrotz batek, Madrilen, hala erabaki duelako.
Justiziak justutik hain guti izaten du, oraingoan ere agerian gelditu dela nork agintzen duen: tokiko gobernuko agintariek ez, are gutiago haiek aukeratu dituzten herritarrek. Espainiako Gobernuko agintariek ausaz aukeratutako epaile kontserbadore, petral, atzerakoi eta bihozgabe batzuek agintzen dute hemen. Bertzela, nola ulertu osasun etxe bateko atea ixtea bere herritik bizimodu hobe baten bila etorritakoari? Miseriatik eskapo, gehienetan; gatazka politiko eta gerretatik ihesi, maiz. Guk sortu dugun pobrezia eta desorekatik bortizki egotzi ditugunean, danbatekoa eman nahi diegu, bertze behin, osasun-etxeko atearekin. Herritartasunaren papera ukatzen dieten horiek berak dira oinarrizko duintasuna ebatsi nahi dietenak. Eta gainerako gizon-emakume zuri, europar jatorrak isilik gelditzen gara. Eta ahoa irekitzen badugu osasun-etxeko itxaron-gelak betetzen dituztela marmarka aritzeko irekiko dugu. Luciak ezin du medikutara joan, eta ni gaixotu eginen naiz hainbertze hipokresiarekin.