Zorrak kitatzen

Erabiltzailearen aurpegia Jon Abril 2017ko ots. 16a, 12:32

Bertze oldarraldi bat prestatu dute PPk eta UPNk, orain beren-berena duten gaiarekin, gainera: biktimak. Eurek baino ezin dute erabaki nor diren biktima. Eurek baino ezin dute erabaki nori egiten zaion omenaldia, eta zein gisatakoa. Eurek baino ezin dute kategorizatu biktimen arteko mailaketa. Eurentzat lehenbiziko eta bigarren mailako biktimak baitaude. Eurek bakarrik sufritu dutela dirudi.

Eta ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik ez dagoenez, Gobernua sustengatzen duten lau alderdiak txalotu nahi ditut, mamu katastrofista eta mehatxugarrien gainetik, zor historikoa kitatzen hasteko pausua eman dutelako. Indarkeriaren jatorria edozein dela ere, ideia politiko jakin batzuk edukitzeagatik ezin baita onartu inor hiltzea. Eta estatuko zein eskuin-muturreko indarrek eragindako biktimak, ia beti, ahantziak eta baztertuak izateaz gain, errudun sentiarazi izan dituztelako.

Oraindik, egin beharreko bidea luzea da, kaltea aitortu eta erreparatzea ez da berehalakoan egiten. Baina lurraldeko instituzio gorenak gisa horretako lehenbiziko omenaldia antolatzea gizartearen kohesioan eta bake bidean sendotzen joateko esperantza ematen du.

Eta berriz ere, PP eta UPN beren oldarraldian bakarrik gelditu izanak agerian uzten du beharrezkoa den zerbait egitera doazela, zorra kitatzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!