2017ko Nafarroa Oinezeko logotipoa eta leloa aurkeztu zituen Lesakako Tantirumairu ikastolak joan den astean. Txio bat bota nuen logotipoa anitz gustatu zitzaidala erranez, baina leloa ez zitzaidala batere egokia iruditzen. Idatziz emateko ahozko formak hartzeko behar hori ez dut ulertzen. Ahozko erregistroak denerako balio duela sinistuta daude hainbat. Eta boladan dago joera hau, bistan denez. Bikin batin idatzi beharra. Edo astizkentan, edo ortzilin, edota gaztik. Ez dakit ongi konplexutik egindako kontua den, edo ezjakintasunetik, edota euskara batua eta euskalkiak kontrajarri nahi izatetik, horretarako, idatzizko forman euskalkiaren ahozko forma erabiliz.
Bitxia da, gainera, joera hori, nagusiki, euskaraz alfabetatu diren belaunaldi berriek hartu dutela ikustea, euren ikasketa guztiak D ereduan egin dituztenek, edota euren ikastetxeetako arduradunek, eta bereziki, ikastolek.
Gure hizkuntza normalizatua ez egotearen bertze sintoma bat bada hau. Euskaraz sortutako publizitate kopuru ezdeusak, hizkuntzaren erabilera apalak eta Euskaltzaindiaren arauen kontra agertzeko etengabeko beharrak ere izanen dute errurik honetan guztian. Baina ageriko elementuetan, leloetan, karteletan, pankartetan edota pintadetan euskaraz zuzen eta egoki idazteko gauza ez bagara, nekez normalizatuko dugu gure hizkuntza.