Ikuskizun handietara ohitu gaituzte. Fokupean gertatzen dena baino ez digute erakusten. Eta ematen du, hori baino ez dela garrantzitsua gure gizartean. Izarren munduan bizi gara, berehalako arrakastan oinarritutakoa. Eta ttikia ezdeustzat hartu ohi da.
Euskarak anitz pairatu izan du horrelakorik. Baina euskarak berak ere horrela jokatzen du maiz. Guk ere behar ditugu gure izarrak, gure artistak, gure ekimen jendetsuak. Guk ere behar ditugu erreferente diren emakume eta gizonak. Horiek agerian paratzeak gainerako hizkuntzengandik hurbilago egiten gaituelakoan, berdinago eta normalago sentitzen gara.
Eta behar dugu horretatik, baina ahantzi gabe fokutik kanpo gelditzen direnek, itzalpean daudenek, egiten diguten ekarpena berebizikoa dela. Iruñeko herriko etxeko ateak ireki ziren joan zen ortziralean Euskaltzaindiarentzat. Eta honek ez zuen aukera alferrik galtzen utzi. Nafarroan euskararen joskin ttikiak direnak, ahozko ondarea biltzen, itzulpengintzan, ikerlanean, toponimian… aritzen diren horiei urgazle deitura paratu zien, eta bide batez, omenaldi ttikia egin. Apalauza, Ramos, Suarez, Petrirena, Lakar eta Erize anitz behar ditugu itzalpetik argitara ateratzeko euskara Nafarroan.