Multinazionalen diktaduraren logikaren arabera, munduko ez dakit zein txokotan hala erabaki dutelakotz, bi lantegi hauek, ustez, ez dira errentagarriak. Eta beraz, ixtea eta langileak kaleratzea bertze biderik ez dago.
Berriz ere erakutsi digute multinazionalek zenbat agintzen duten, eta zeinen ongi dakiten hizkuntza erabiltzen. Eurek nahi hainbertze ez irabaztea, errentagarritasun ekonomiko bertzerik ez neurtzea, galera moduan aurkezteko gaitasuna dute. Lantegiak dituzten inguruan zein eragin duen euren erabakiak ez zaie axola. Errentagarritasun sozialaz ez dakite deus ere. Hori da multinazionalen logika.
Eta etengabeko beldur horrek erreakziorako gaitasunik gabe utzi gaitu langileak. Beldurraren beldurrez, hurrengoak gu ez izateko itxaropenarekin, badaezpada, isilik eta geldirik egotea hobe. Bukatu ziren langile-mugimenduak, elkartasun eta salaketa aldarriak. Langile hauen manifestazioetara etxekoak eta hurbileko lagunak baino anitzez gehiago ez. Nahikoa lan bakoitzak bereari eusten. Hortxe kapitalismoaren garaipena! Beldurra da gure gaitzik handiena. Eta gu, gaizoak, langileok indarra genuenaren ustean. Usteak, erdia baino gehiago ustel.