Argiz bete dira, bertze urte batez, gure herrietako karrikak. Dekorazioaren gustu estetikoaz zerbait erran ahal izanen banuke ere, funtzioaz eta betebeharraz ariko naiz gaur. Eguberrietako izpiritu guti dudala erranen dit batek baino gehiagok. Eta aitortuko dut ez dudala izugarrizko izpiriturik, baina aldi berean, onartzen dut, gustura egoten naizela etxekoekin eta lagunekin, kantatuko dudala Olentzero eta Hator-hator, eta opako diedala hurbilenekoi urte berria hobea izatea.
Baina argietara itzulita, sekula ez dut ongi ulertu karrikak gehiago argiztatu behar hori, eta are gutiago, gure etxeko balkoiak apaintzeko premia, lehendik ere nahikoa kutsadura luminiko dugunean. Badakit helburu nagusia kontsumoa bultzatzea dela, konpultsiboki erosteko paratzen direla. Baina eskuin zein ezkerreko gobernuek ia-ia modu berean argi horiek paratzeak eragiten dit hausnarketa. Bizitzako bertze alor batzuetan kontsumo-ereduen inguruan aritzen gara, energia murrizteko beharraz, bertako produktuak erosteak gure ekonomian duen eraginaz... Baina eguberrietan denak balio du, antza, eta egingo ditugun gastu gehiegikeriek ekonomian eta lan-kontratuetan duten onurez ariko zaizkigu. Eguberriak ospatuko ditut nik ere. Ilobei opariak erosiko dizkiet. Edanen dut ardo goxoa. Ez naiz eskapatuko kontsumoaren zirimolaz, aruntean. Baina saiatuko naiz, ahal den neurrian, horrek gure planetan eta inguru hurbilean duen eragina neurtzen. Beti ez da asmatzen, baina ahal dela, egin.