Gizakiaren adierazpenik krudelena, lazgarriena, itsusiena da gerra. Eta aldi berean, etengabe gizakiaren eta gizaldien artean gertatzen dena. Ortziralean Parisen gertatutakoa gerra baten ondorio bertzerik ez da. 2003an Aznar-Bush-Blair hirukoak piztu zuen sua. Eta geroztik, handitzen joan da mendebaldearen eta ekialde hurbilaren arteko distantzia. Asteburuan Parisen gertatutakoa haren ondorio zuzen-zuzena da.
Pobreziak, garapen pertsonalerako aukera murritzek, ipar-hego desberdintasun lazgarriek elikatu egin dute gerra hori, baina ez dira benetako jatorria. Arma kimikoen izenean, erlijio eta ideien nagusitze bat egon da gibeletik, baina batez ere, interes geoestrategikoak eta armen negozioa.
Europa eta Ameriketako Estatu Batuak dira arma ekoizle nagusiak. Estatu Islamikoak darabiltzan armak gure etxe ondoan ekoiztutakoak dira. Negozioaren izenean, gizarte garatu baten izenean saldutakoak.
Eta ortziralean Parisen gertatua gogorra, higuina, latza, deitoragarria eta arbuiagarria den bezala, atzo Sirian, Frantziako armadak egindako bonbardaketak adjektibo berak behar ditu. Eta bertzela, oroitu dezagun Gernikan gertatua.
Europar bakan batzuek pairatuko dute. Milaka errefuxiatuk, milioika musulmandarrek ordainduko dute gaizki deituriko mundu garatu honen erokeria.