“Beharko genuke gehiago sinetsi gure kulturan”, irakurri berri diot elkarrizketa batean Daniel Landart kulturgile baxenafarrari. Eta ez zaio arrazoirik falta. “Beharko genuke gehiago sinetsi kulturan” ere erran zezakeen, eta erranera hori ere neure eginen nuke, egungo gizartean, deus guti sinesten baita “kulturan” oro har, eta are gutiago “gure kulturan”.
Atzeratuena omen “gure kulturan” pentsatzea. Modernoa –eta postmodernoa- kultura unibertsala omen, kanpotik ekarritakoa. Zenbatetan aditu diegun hamarkadetan Nafarroan agintean izan direnei ingelesa ikasi behar genuela. Interesgarriak bertze herrialde batzuetatik etorritako adierazpenak zirela, ez hemengoak, batez ere euskaraz eginak baziren.
Gobernu berriak “Bertsolaritza eskolara” programa berreskuratuko duela iragarri du, eta hori bada “gure kultura” sustatzea. Ezinbertzekoa, guk baino ez baitugu eginen gure hitzkuntza eta kultura ttiki eta ttikiagotuaren alde. Baina ausardia nahi nuke, orain baino handiagoa, kultura politiketan. Nafarroako sortzaileak ikusi nahi nituzke erdigunean, kantariak, musikariak, antzerkilariak, pintoreak, idazleak, ikerlariak, dantzariak, bertsolariak... edozein diziplinetakoak. Horiek bete ditzatela herrietako kultur etxeetako programazioaren lautik hiru. Eta berdin Baluarterekin. Eta utziko diegu tokia, emanen diegu gure sosetik, gustura, kanpotik datozenei ere. Baina “gure kultura” erdigunea paratuta. Horrek, baina, ausardia eskatzen du, puskatzailea izatea.