Hauteskunde programei begiratzeko tenorean, ariketa bat egiten hasi naiz. Euskaraz zenbat lerro dauden idatzita, eta euskararen inguruan zer dioten; promesen garaian politikariek hartzen ez duten jarrera, nekez hartuko baitute gero, eta bereziki euskararekin Nafarroan. Eta etsiak jota nago. Euskarak ez duelako tokirik Nafarroako politikagintzan. Batere.
Abertzaleek baino ez diote leku duin xamarra ematen euskarari , eta hala ere, hutsuneak ere badaude. Ikusi bertzela, azkeneko legegintzaldian nor jardun den euskaraz Nafarroako Parlamentuan, errate baterako, eta zenbat. Penagarria da emaitza. Ez seguru aski Nafarroako gizartearen errealitateaz hagitz bertzelakoa, baina eredu ematetik urrun, arrunt urrunt.
Aldaketa datorrela, aldaketaren berme direla dioten indarrek ere ez dute aldaketa haundirik aurkezten euren egitasmoetan euskararekiko. Eta hitzetan ez badira gauza, ez dut uste erraz ekinen diotenik ekintzetan aldaketa gauzatzeari. Aldaketa sozial eta politikoaren oinarrian identitate, nortasun eta errealitate desberdinak aitortzea ezinbertzeko neurria izanen da. Eta euskarak hor ardatz nagusienetako bat izan beharko du. Edo ez gara izanen. Edo ez da aldaketarik izanen.