Ez gara berdinak eskubidetan. Ez gara berdinak lanerako sarbidean. Lan beragatik ez dugu sari bera jasotzen. Parrandatik etxerako bidean ez gara berdinak. Gizartearen begietan ez gaituzte berdin ikusten, ez dugu berdin begiratzen. Ez dugu berdin erreparatzen euren ahotsari. Kristalezko sabaiak dituzte. Guk ez. Guretzat zelaia dena, bide malkartsu eta maldatsua da eurentzat. Gorputzak ez dira berdinak, baina gorputzarekiko mito, exijentzia eta irainak ere ez. Biolentzia ez dugu berdin pairatzen, eta ez eragiten ere. Sexualitatea ez dugu berdin bizi, eta beste sexuarengandik tratua oso bestelakoa jasotzen dugu. Ez dugu berdin sentitzen gure inguruan gertatzen dena.
Eta gure baitan mikromatxista –edota makromatxista- bat barrenean daramagulako, egitekoa oraindik aunitz delako, martxoaren 8a ezin da bertze egun bat izan. Gure hiztegia egokitzeko, gure begirada zuzentzeko, gure belarriak irekitzeko, gure sentsibilitatea garatzeko, euren larruan paratzeko, eta errealitatea euren egoeratik ulertzen saiatzeko, gutienez, balio dezala martxoaren 8ak. Horretarako eta eskubideetan eta sufrimenduetan ez garela berdinak oroitarazteko. Kontzientziak pizteko. Desberdintasunak gainditzeko. Berdintasunean eragiteko.