Flamenkoa dantzatzea ez omen da espainiar guztiek jakin beharreko zerbait. Eta euskara ere ez nafar guztien eginkizuna. Konparazio maltzur, nardagarri, higuin eta tranpati hori egin zuen herenegun Iribas Kontseilariak euskararen bilakaera jasotzen duten datu soziolinguistikoak ematerakoan.
Flamenkoa kultur ondare aberatsa da, artea. Errespetuz eta begirunez diot hori. Eta batez ere, Andaluzian nortasunarekin erabat atxikirik dagoena. Baina hizkuntza bat adierazpide artistiko baten gainetik dago. Eta are gehiago, hizkuntza hori galtzeko arriskuan dagoenean, ttikiagotua denean. Frankismoak debekatu zuen. Iribasek behin betirako erail nahi du. Genozida linguistikoa da. Ez du aitortzen bere herriko hizkuntzetako bat, ofiziala dena, antzinakoa dena, baina batez ere, milaka herritarren hautua eta ama hizkuntza dena.
Onartezina da gorrotoak janda bizi den gizon baten bizkar uztea herri baten hezkuntza eta hizkuntza politika. Duintasunik balu, aspaldian ekin izanen zion euskara ikasteari, gutienez, zer sentitzen dugun ulertzeko adina. Duintasunik balu, aspaldian utzi izanen luke Santo Domingo aldapako aulkia.