Edurne Errea: "Norbere nahi eta desiren inguruan hausnartuko dugu Boteretze Erotiko Eskolan"

Miren Mindegia Petrirena 2026ko urtarrilaren 21a

Otsailaren 4an hasi eta lau asteazkenez jarraian, Emakumeen Etxean boteretze erotikoaren inguruko ikastaroa emanen du Edurne Erreak. Izen-ematea zabalik dago eta Iruñeko Udalak diruz laguntzen duenez, doakoa da

Erotismoa hitza  eszitazioarekin lotuko dute askok, baina horrekin baino, norbere desira eta nahiak identifikatzearekin dauka zerikusi gehiago Edurne Errearen arabera. Sexologoak Iruñeko Emakumeen Etxean otsailaren 4tik aurrera emanen den Boteretze Erotikoaren eskolak gidatuko ditu. Helburua, berak nabarmendu bezala, hitzaren bitartez desira horien inguruan hausnartzea izanen da, ikuspegi askotarikoetatik, mugak aztertuz, maitasun erromantikoaren oinarriak identifikatuz eta harremantzeko moduen inguruko esperientziak partekatuz, besteak beste. Erreak azpimarratu bezala, "helburua da gauzak partekatu eta barrua laxatzen joatea. Esploratzeko espazio bat da, eta espazio seguru eta eroso bat".  

Denetara lau saio emanen dira, otsailaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, 18:30etik 20:30era. Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago eta casadelasmujeres@pamplona.es helbidera idatzita egin daiteke. Iruñeko Udalak diruz laguntzen duenez, matrikula doakoa da. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!