Ignacio Francisco Caneda Deza anarkistaren gorpuzkiak jaso dituzte gaur senideek

Euskalerria Irratia 2025eko abuztuaren 21a

Ana Ollo, Iker Mariezkurrena eta Ignacio Francisco Caneda Dezaren senideak, ekitaldian.

Jatorriz, familia O Grovekoa, Galiziakoa, baina AEBn jaioa zen. Ideia anarkisten defentsak eraman zuen Ezkabako Gotorlekura preso. Sei hilabeteren ostean, ihesaldi saiakera batean, 1936ko azaroaren 1ean Caneda erail zuten, 18 urte zituelarik. Beste hogei gazte ingururekin batera fusilatu eta Berriozarren lurperatu zuten hobi komun batean.

AEBn jaio zen, Galiziako O Groveko familia bateko kide, ideia anarkistako gaztea. Eta hain zuzen, oraindik gazte zenean eraman zuten Ezkabako gotorlekura Ignacio Francisco Caneda Deza egindako aktibismo politikoarengatik. Urte erdia preso zeramanean, Ezkabatik ihes egiteko saiakera batean hil zuten 1936ko azaroaren 1ean, 18 urte zituelarik.

Eta 2022an Txinparta-San Cristobalgo gotorlekua elkarteak Nafarroako Gobernuaren Hobitik Ateratzeko Planari emandako txosten bati esker, Berriozarko hilerrian kokatutako hobi horren deshobiratzeari ekin zioten. 
Urte horretan bertan Berriozarko hilerriko lurpetik atera zuten, eta DNA bankuak egindako identifikazio lanak amaituta, iazko udazkenean identifikatu zuten eta gaur, bere gorpuzkiak senideei emateko ekitaldia egin dute Berriozarren. Berriozarko alkate Iker Mariezkurrena eta Ana Ollo bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilaria izan dira ekitaldian.

Deserosoa zen talde anarkista bat

Ez zen bertan lurperatu zuten bakarra. Beste hainbat kiderekin batera erail eta lurperatu zuten Caneda. "Sarraskitu zituzten beste 24 kideetako hogeirekin batera ekarri zuten Berriozarko hilerrira", azaldu du Ollok. "Gehienak oso gazteak ziren, gehienak anarkistak, penaleko agintarientzat, deserosoa zen talde hau", nabarmendu kontseilariak.

Hain zuzen, bakarra izan ez zenez, iaz, Galiziako prentsari esker jakin zuen bere familiak identifikatu zutela Berriozarren hobitik atera zuten beste kide bat: Tomas Mardones. Horrekin batera, hobi horretan zeuden presoen zerrenda argitaratu zuten eta hala jakin zuen Canedaren familiak non zegoen bere senidea.

Ignacio Francisco Canedaren iloba batek, Rosa Gonzálezek, ekitaldian eskerrak eman dizkie bidean lagundutako pertsonei eta orain, lasaitasunez ausartu da esatera, Caneda bere aitaren eta O Groveko bi anaien hilobi berean lurperatuko dutela, “hamarkadetan ukatu zaion bakea eta merezitako atsedena” lortu dituztelako.

Eta, zauriak sendatzeko bidean jarraitzeko asmo irmoa berretsi du kontseilariak ere, egindako lanari eta politikei esker memoria egin daitekeelako. Ekitaldi hauetan, “inoiz ireki behar izan ez zen zirkulu bat ixten delako”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!