“Denbora azkar doa eta premiazkoa da Erripagañarako irtenbidea, ekintzen garaia heldu da”

Euskalerria Irratia 2025ko api. 4a, 13:02

Erripagañako bizilagunak kexu dira, asmo eta iragarpenen gainetik, denbora aurrera doalako eta oraindik ere ez delako auzoarendako irtenbiderik erabaki. Iruñea, Burlata, Uharte eta Eguesibarko Udalei eta Nafarroako Gobernuari, negoziatzera eta adostera eser daitezela eskatu diete.

Gaur beharko lukete bozkatzen Erripagañako bizilagunek beren etorkizuneko izaera, gaur zen bukatzekoa Iruñeko Udalak proposatutako parte hartze prozesua. Baina ez da horrela izan. Horren ordez, Erripagañatarrak prentsa aurrean azaldu dira gaur kexu, prozesurik eman ez dela salatu eta beren egoera konpondu beharrean, geldirik eta soluziobiderik gabe jarraitzen duelako.

“Iruñeak prozesua azkar egin nahi izan du, behin betiko irtenbide bat bilatzeko” azaldu du Alberto Errea bizilagunen bozeramaleak, “Baina Burlatak eta Eguesibarrek ez dute erritmo horretan aurrera egin”. Horregatik, uda baino lehen, auzo kontsulta batean amaituko den prozesu parte hartzaile martxan jartzera dei egin dituzte inplikaturiko lau Udalak. “Finkatu dezatela data eta epemuga horren epemugarekin lan egin dezatela, egin ditzatela haien barne prozesuak”.

Erripagañarrak nekatuta daude beren egoerarekin. “Bidea luzea izaten ari da eta dagoeneko beste legegintzaldi baten erdira iristen ari gara” adierazi du Erreak, “Asmoak erakutsi dituzte, Iruñeak egin du Civivox batetarako proiektua, beti ere, behin betiko irtenbidearen baldintzapean; baina guk ez dugu proiekturik behar, guk errealitateak behar ditugu, orubeak hutsik daude eta kultur etxea, kirol guneak, haur eskola…behar ditugu”. 13.000 biztanle ditu gaur egun Erripagañak, ia kale berberetan bizi diren arren, bata bestearen ondoan, Iruñea, Burlata, Uharte eta Eguesibarren artean banatuta, zatituta jarraitzen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!