Laba sareak, SNE-NL Nafar Lansareren babesarekin eta Ilundain Fundazioarekin elkarlanean, ostalaritza sektorerako formakuntza bat eskainiko du, kontratatzeko konpromisoarekin. Ikastaroa euskaraz izanen da eta helburua Gazteluko plazan izanen duen ostalaritza proiektu berrian lan eginen duen taldea prestatzea da.
Formakuntza hau Laba sareak Torino Berriaren bidez bultzatutako proiektu berriari lotuta dago. Laba sareak erabiltzen duen lokala eta Windsor ostatua elkartzeak Torino kafe historikoaren espazioa berreskuratzeko aukera emanen du. Dagoeneko hasi dira espazio berri hau sortzeko lanak, eta han taberna eta jatetxe zerbitzua eskainiko duen ostalaritza jarduera edukiko dute, beti ere Labaren izaerari eutsiz, euskal kulturako erreferente gisa.
Berritze prozesu honen bidez, Laba sareak ostalaritza talde egonkor bat osatu nahi du, horregatik paratu du martxan kontratatzeko konpromisoa duen formakuntza hau, euskaraz eta haien karrera ostalaritzan garatu nahi duten pertsonei zuzendua. Ostalaritza proiektu honetan ariko diren pertsonak prestatzea da helburua. Ikastaro hau SNE-NL Nafar Lansarek diruz lagundu du erabat eta Atarrabiako Gastronomia Elkartean eginen da apirilaren 28tik ekainaren 30era. Irakaskuntza praktikoa bermatzen du, eta ikastaroa bukatuta, lan egiteko aukera ere eskainiko du. Ikastaroa emateko Ilundain Fundazioaren laguntza izanen du, hark antolatuko baitu formakuntza saioa.
Ostalaritza eta sukaldaritza ikastaro honek 220 ordu iraunen ditu, eta parte hartzaileei barra eta areto zerbitzua, bezeroarentzako arreta eta sukaldaritzako elaborazio aurreratuak irakatsiko zaizkie. Bi hilabetez, egunean bost orduko eskolak emanen dira, eta gaitasun praktikoak irakatsiko dituzte honakoak ikasteko: aperitiboen prestaketa, zerbitzu protokoloa eta elikadura segurtasunari buruzko araudia. Gainera, banakako eta taldekako tutoretzak izanen dituzte, talde lana eta parte hartzaileen garapen profesionala indartzeko, sektorean izan dezaketen enplegagarritasuna hobetuz.
Laba Elkartea: euskal kulturaren erreferente
Laba aretoak 2022an ireki zituen ateak Gazteluko plazan, euskararen normalizazioan lan egiteko eta euskal kulturaren erakusleiho izateko bokazioarekin. Baina espazio fisiko bat baino gehiago da Laba: sare bat da, gizartearen hizkuntza ohituretan eragin nahi duen jende multzoa. Gazteek bultzatutako proiektua bada ere, sarea anitza da, bai jendearen adinari dagokionez, baita jendearen izaerari dagokionez ere. Hiru urteko ibilbidean askotariko proiektuak sortu ditu, beti ere euskararen erabilera ohikoa ez den leku horiek konkistatzeko asmoz eta euskara ahalik eta jende gehienari zabaltzeko gogoz. Intersekzionalitatean oinarritzen da Laba proiektua, eta askotariko gizarte gaiak jorratu ditu, euskaraz. Formakuntza saio hau horren beste adibide bat da: lan munduan euskara normalizatzeko saiakera eta langile euskaldunak lortzeko bide zuzena.
Ostalaritza formakuntzarako informazio nagusia
- Datak: apirilaren 28tik ekainaren 30era
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 9:30etik 14:30era.
- Lekua: Atarrabiako Gastronomia Elkartea
- Informazio gehiago eta izen ematea: formacionexterna@fundacion-ilundain.com
Proiektu honen bidez Laba sareak ostalaritzarekin, kulturarekin eta euskararekin duen konpromisoa berretsi nahi du, kalitatezko formakuntzaren eta parte hartzaileen lan etorkizun egonkor baten aldeko apustua eginez.