Barañaingo Alaitz eta Antsoaingo Ezkaba ikastetxe publikoetan 2 urteko gelak ezartzeari buruz galdegin zion Eneka Maiz EH Bilduko parlamentariak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari. "Departamentuak ez du ezer esan, ez du ezer jakinarazi, ez du ezer ofizial egin, eta ez du ezer erabaki", izan zen bere erantzuna. Izan ere, Maizek zalantzan jarri zuen 2 urteko gelak beste ikastetxe batzuetan ezartzearen egokitasuna, "ebaluazioa ezagutu gabe, esperimentu hori D ereduan egiten saiatzen direla".
Gimeno haserre agertu zen galderaren aurrean eta EH Bilduko eledunari leporatu zion "hona etorri zara gauza bat egin dugula eta ez dugula ezer erabaki esatera. Zuk ez duzu Hezkuntza departamentuko dokumentu ofizialik ikusiko horren berri emateko". Bere hitzartzean, kontseilariak gogorarazi zuen "Gobernura iritsi ginenean, 2 urterekin eskolatzea % 25ekoa zen eta 5 urtetan % 41era igaro da". “Lehen, murrizketak egiteagatik eta zerbitzuak kentzeagatik kritikatzen zen, eta, orain, lanpostu publikoak, doakoak, kalitatezkoak, baldintza guztiak betetzen dituztenak, euskaraz, eta, gainera, borondatezkoak, sortzeagatik", adierazi zuen Gimenok.
Erantzunarekin jarraituz, Hezkuntza departamentuko arduradunak adierazi zuen 0-3 zikloaren unibertsalizazioa aurrera doala, eta Barañaingo eta Antsoaingo 2 urteko gelei dagokienez, "gidaritzaren emaitzen arabera espazioak landu eta zehaztu beharko ditugu”. Antsoaingo haur eskolak "baimenduta dituenak baino unitate gutxiago" eskaintzen dituela jakinarazi zuen, eta "unitateak baimenduta dituzten EH Bilduko udalek gela horiek guztiak martxan jartzea" espero zuela, "itxaron zerrendak murrizteko eta unibertsalizazioak aurrera egiteko".
Eneka Maiz parlamentariak bere aldetik adierazi zuen Alaitz eta Ezkaba ikastetxeetan “egin direla kontsultatu gabeko hainbat urrats". Hala, abenduaren 13an "2 urteko gelak irekiko zirela esanez dei bat" jaso zutela azaldu zuen, eta abenduaren 16an "azpiegituretako arduradunak planoak eskuetan zituztela joan ziren hara". Hori guztia "inolako kontsulta edo azalpenik izan gabe eta ezinegona sortuz”. Bere ustez, "garaiz gaude hezkuntza komunitatearekin hitz egiteko eta elkarrekin erabakiak hartzeko", eta Gimenori eskatu zion "kotxea gelditzeko, hezkuntza komunitateko kideak bidelagun hartzeko eta norabidea birbideratzeko".