Hiriko turismo-sektoreak badu udal-marka: begi-keinu bat eta irribarre berde bat, Iruña ‘bizi-bizirik’ baitago

Euskalerria Irratia 2025ko urt. 16a, 13:38

Markak, logotipoak eta webguneak osatzen dute Iruñea helmuga turistiko gisa ezagutaraziko duen marka, eta urtarrilaren 21ean aurkeztuko dute, FITUR nazioarteko azokan.

Iruñeko turismo-sektoreak badu udal-marka: dena barne hartzen duen Iruña Marka hiriari eginiko keinu bat da, eta helmuga jasangarri moduan eta kulturari lotutako produktu turistiko gisa aurkezten du hiria. Gaur eguerdian aurkezpen-jardunaldi bat egin dute Ziudadelako Arma Aretoan, sektore horretan diharduten hiriko entitateei, erakundeei eta enpresei udal-marka hori aurkezteko. Udalak elkarrizketarako eta elkarlan publiko-pribaturako gune batean lanean dihardu 2023ko apiriletik, eta horren barruan egin dute aurkezpena ere. Iruñean egin dute aurkezpena, sektorean hain ezaguna den eta urtero Madrilen egiten den FITUR nazioarteko azokara bisita egin aurretik.

Izatez, marka berria logotipo batean islatutako kontakizun bat da (irribarre bat eta keinu bat). Irribarrearekin eta keinuarekin batera doan leloak, ‘bizi-bizirik’, hirira bisitan datozenen sentimenduei eta esperientziari egin nahi die erreferentzia. Kontakizuna sortzeko prozesuan zehaztu zenez, Iruña bertako jendea da, inguru berdea eta atsegina, hiri plurala, bai historikoki eta bai orain ere, migrazio-korronteek aberastua, eta gainera, kultura-ondare handiko hiria da. Sanferminak baino gehiago eskaintzen du. 

Udalari dagokio bisitarientzat helmuga turistiko egokia prestatzea, eta enpresek dute zuzenean hirira etortzen diren bisitarien eta haien testuinguruaren berri. Horregatik, hainbat lagunek hartu dute parte aurkezpen-ekitaldian: Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Zinegotzi Ordezkariak, Carlos Andrés Uranga alorreko zuzendariak, Maria Bezunartea Barasoain Udaleko Turismo zerbitzuaren buruak, eta baita Itziar Luri Equizak ere, ‘Iruña Marka’ sortzeaz arduratu baita. Jardunaldi horretan, mahai-inguru bat ere egin dute turismoaren sektoreko enpresekin eta erakundeekin: Produktuen Kluba, eta ANAPHE eta AEHN elkarteak eseri dira mahaiaren bueltan, besteak beste.

Webgunea lan tresna
Hiriaren turismo-marka berria hainbat euskarritan islatu dute, eta webgune bat ere badu: hor biltzen da informazioa eta hor koordinatzen dira baliabideak, unean-unean argitaratzen den informazioa bateratuta izateko. Webgune horretan daude hirian dauden baliabide turistiko guztiak, eta ahalegin berezia egin da webgune horretan Sanferminei lotutako eskaintza turistikoa eta urte osokoa bereizteko. Orrian bertan ibilbideak sortu daitezke, distantziak zehaztu, eta tokirik garrantzitsuenak adierazi, ez hirikoak bakarrik, baita hiritik hurbil dauden Nafarroako eta beste gertuko erkidego batzuetako tokirik enblematikoenak ere.

Gaur eguerdian aurkeztu duten lana horretan aritu den lantaldeak eginiko esfortzuaren fruitua da: turismo-elkarteek, eta turismoarekin lotutako erakunde publiko eta pribatuek osatu dute lantalde hori, eta 16 bilera ere egin dituzte turismo-marka lantzeko. Gainera, 2023-2029 aldirako Iruñeko Turismoko Plan Estrategikoan zehaztutako produktu turistikoak aintzat hartuta egin dute lanketa hori. Iruña SF365 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana (PSTD) finantzatzeko erabilitako Next Generation funtsek egin dute posible turismo marka martxan jartzea.

Helmuga turistiko jasangarria: ‘Biosphere’
Marka, webgunea, produktuaren kluba eta oraindik garatzen ari diren beste zenbait proiektu helburu jakin batera bideratuta daude: helmuga turistiko erakargarriagoa eta lehiakorragoa sortzea. Hala, Iruña helmuga turistikoa eta 2025erako proposamena Madrilen ere aurkeztuko dira, TRADEn. Iruñeak Biosphere helmugen jasangarritasun-ziurtagiria eskuratu berri du. Ziurtagiri horrek bermatzen du helmuga turistikoak kudeaketa-sistema osoa duela, helmuga jasangarria dela eta beharrezko laguntza- eta aholkularitza-zerbitzuak dituela. 

Ziurtagiri horren bidez, etengabe hobera egitea lortu nahi da 2030erako jomugara bidean, Nazio Batuen jasangarritasun-irizpideak eta herritarrek eta turistek horien inguruan egindako hausnarketa oinarri hartuta, eta, halaber, ziurtagiri hori pizgarri bat ere bada helmuga erakargarriagoa egiteko. Aitortza oso garrantzitsua da sektore horretan, eta oinarrizkoa MICEren gisako segmentu profesionalentzat.
Helmugaren jasangarritasuna handitze aldera, Iruñean bigarren urtez jarraian neurtu da Sanferminek uzten duten karbono-aztarna, festa horiek ingurumenean duten eragina murrizteko hobekuntza planak egin ahal izateko. Gainera, Iruñeko Udalak aholkularitza eskainiko die 2025ean espazio publikoan jarduerak egin nahi dituzten erakunde eta enpresa guztiei, ekitaldi guztiak ekonomia zirkularra oinarri hartuta egin daitezen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!