Herriarena, herriarentzat. Hala zioen atzo Olentzerok, Mari Domingik eta Hiru Errege Magoek Iruñeko kaleetan zeramaten pankartak. Artzapezpikutzarainoko ibilbidea egin zuten zenbait herritarrekin batera, artzapezpiku izendatu berriari, Florencio Rosellori, ikatza eramateko.
Elizak bere egin dituen ondasunak itzultzeko eskatu dio Nafarroako Ondasunaren Defentsarako plataformak.
Artzapezpikutzak bere izenean erregistratutako 3.000 ondasun inguru zenbatu dituzte Nafarroan. Elizak, ermitak, 187 etxebizitzak, lursailak, baratzeak, 36 etxabe eta 7 eraikin oso. Dozenaka hilerri, frontoiak, museoak, parkeak, zahar etxe bat eta erretiratuen elkarte bat.
Nafarroako Ondasunaren Defentsarako plataformako kide, Ekhiotz Prieto elkarrizketatu dute Euskalerria Irratian. (Argazkian klik eginda entzun daiteke)
Urteroko ekimena atzo, oraindik ere beharrezkoa delako ohartaraztea zenbat duen bereganatua Elizak, ezta?
Artzapezpikuaren baitan aldaketak izanagatik ere praktikan ez da aldaketa handirik sumatu. Hamalaguarren urtez eraman diogu ikatza, herriarena herriarentzat dela aldarrikatu eta ikatza “gaiztoentzat” dela adierqazizi. Nafarron ondarea dena itzultzeko asmorik ez dute erakutsi.
Artzapezpikutzaren ingurua hesitua topatu zenuten?
Bai inoiz ez dugu horrela topatu. Polizia andana zegoen. Urtero hurbiltzen dira Olentzero eta Mari Domingi ikatza ate parera uztera. Ekintza sinbolikoa da. Identifikatu egin zituzten biak. Gabon kantak eta jotak ere kantatzen ditugu.
Komunalak eta Elizak abandonatuta dituen ondasunak nabarmendu dituzue aurten bereziki.
Momentu honetan Nafarroako lanketaren baitan agendan hori dugu. Maila politikoan pausuak eman dira komunalen aferarekin Nafarroan oso garrantzitsuak direlako. Ondasun eta ondare guztiaren artean komunalak baitaude. Ez da erraza izaten ari bereganatze horiek identifikatzea, artxiboetan oso informazio gutxi dago eta ikuskatze lan handia egin behar da. Hamarkada asko egin behar da atzera. Zenbait bai topatu ditugu. Horrek ere asaldatu zituen bazterrak eta Nafarroako Gobernua hasi da ikerketa serio eta profesionala egiten. Ez da gehiegi aurreratu, borondatea egon badago baina poliki doa. Identifikazio lana egiten segitzen dugu Plataformatik. Ondare guztiaren %60 rustikoak dira, alegia, komunalak izan daitezke asko. Berreskuratzea gauzatu ahal izateko zirrikitua zabal dezake. Herriz herri inbentarioa egiten aritu gara, Elizak bereganatu baina abandonatuta eta kaltetuta dauden ondare preziatuak. Ez dugu ulertzen zertarako egin zituen bere gero albo batera uzteko, ahaztuta. Elizari ardurak eskatu behar zaizkio. Berriki agertu diren Pederastia kasuekin, esan daiteke, Elizari brageta ukitu dakiokeela baina ez poltsikoa. Zama ekonomikoa badute, ondarearen inguruan horrenbeste interes ez lukete izanen.
Nafarroako Gobernuak 2021ean egin zuen Elizak bereganatutako ondasunen inbentarioa eta jakinarazi zuen ikertu eginen zuela inmatrikulazioen gaia. Badakizue zertan diren?
Martxoan Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko kontseilariarekin bildu ginen eta jakin badakigu departamentu horren baitan lanketa bat abiatu dela zein Komunal inmatrikulatu diren egiaztatze aldera. Lan-mahai bat jarriko da martxan eta bertan parte hartuko dugu. Gure partetik dokumentatzen eta lokalizatzen lortu dugun guztia eurei igortzen diegu (momentuz 5 komunal) baina kontuan hartu behar da lan zaila dela, antzinako dokumentazioa bilatu behar delako Katastro eta Nafarroako Artxiboan. Sinetsita gaude lan nekeza izango dela baina emaitza interesgarriekin. Guk ditugun datu apurrekin zenbait komunal identifikatu ditugu, eta, beraz, Nafar Gobernuak datu guztiak eskuetan dituela, seguruenik askoz gehiago topatzen ahalko ditu.
Urtarrilean izanen da hitzordu garrantzitsua Iruñean auzi honekin lotuta.
Estatu mailako Recuperando Koordinakundearen batzarra urtarrilaren 25ean ospatuko da Iruñean, Plazara espazioan eta leku ezberdinetatik bertaratuko direnen parte hartzearekin. Goizez urteko balantzea, egoeraren azterketa eta datorren urteko plangintza jorratuko dira bilkuran. Arratsaldez mahai ezberdinak osatuko dira: Esperientzien trukaketa (afera honetan aurrerapausoak eta garaipenak lortu dituzten estatu mailako udal ezberdinen alkateen parte hartzearekin) eta beste bat espreski komunalen aferari lotuta, horretan Nafarroako Gobernuaren parte hartzearekin.