Osasun sistemak "hutsuneak" ditu bular minbizia duten gaixoei arreta emateko

Maialen Huarte Arano 2024ko urr. 17a, 11:32

Bular minbiziaren aurka lan egiten du Saray Elkarteak. Gaur, agerraldia egin dute.

Bularreko minbizia duten pertsonek arreta integrala behar dutela gogorarazi du Saray Elkarteak. "Ez da nahikoa aldizkako baliabideak bideratzearekin", adierazi du Mari Jose Onaa Saray Elkarteko presidenteak. "Arretak integrala behar du, diziplina anitzekoa eta kalitatezkoa", gaineratu du Onaak. Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Egunean, larunbatean, ekitaldia eginen dute goizean Gazteluko plazan. 

"Bularreko minbiziak askotariko aurpegiak ditu eta sendabidea ez da arrosa kolorekoa. Baina, arrosarekin bat egiteak lagundu egiten dio gaixoari bide hori egiten", azaldu du Mari Jose Onaa Saray Elkarteko presidenteak. Arrosarekin bat egitera dei egin du beste urte batez ere Saray elkarteak: "Minbiziari aurre egiteko, hausnartzeko eta ikusgarri egiteko".

Bularreko Minbiziari aurre egiten lan egiten du Saray Elkarteak duela 28 urte. "Egiten ari garen lana aitortu diezaguten eskatzen ari gara. Prest geundeke osasun departamentuarekin ere lankidetzan aritzeko", jakinarazi du Onaak. Osasun sistema publikoak dituen gabeziak betetzen dituztelako exijitzen ari dira aitortza eta elkarlana: "Arreta integrala behar dutelako pazienteek, norbanako bakoitzean zentratuko dena", gaineratu du Saray Elkarteko presidenteak.

Prebentzioa eta ikerketa, gako

Itxaron zerrendak txikitzea, probetara sarbidea azkartzea, egiten diren tratamendu berrietara sarbide ekitatbioa izatea edota gaixo metastasikoentzako arreta espezializatua exijitu dituzte Saray Elkartetik. Etorkizunerako prebentzioa eta ikerketa gakoa direla azpimarratu dute. Hori hala, gaur Madrilera joan dira Sarayko kideak: "Bular minbiziari aurre egiteko urtero egiten dugun lasterketatik ateratako dirua Espainia mailan lan egiten duen ikerketa talde onkologikoari emanen diogu", azaldu du Onaak. 

480.000 euro bideratu ditu dagoeneko Saray elkarteak ikerketa proiektuetara. Ezinbestekoa da aurrera egitea. Urtero Nafarroan 410 bular minbizi kasu atzematen dituzte. Munduan minbizi kasurik zabalduena da.

Arrosa, kolore bat baino gehiago

Larunbatean izanen da Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko eguna. Ostiraletik hasita, informazioa zabaltzeko guneak jarriko dituzte Iruñean Saray Elkarteko kideek. Larunbatean, Gazteluko plazan eginen dute ekitaldia. Goizean haurrentzako puzgarriak, musika eta dantza latinoak eskainiko dituzte. Urriaren 27an izanen da Iruñea arrosa kolorez blaitzeko eguna: lasterketarako dortsalak salgai dituzte dagoeneko Saray Elkartearen webgunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!