Kartzelan sartu dute Kayle Villar Pons hiltzeaz akusatutako gizona. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte iluntzean Iruñean eta Gasteizen. Gaur eginen dituzte Bilbon eta Donostian. Arrotxapea auzoan ere 19:30ean dago deitua elkarretaratzea Maiteminduen parkean.
Herenegun goizaldean hil zuten Villar, Arrotxapea auzoko etxabe batean, labankadaka. Ospitalean hil zen emakumea, zauriengatik. Azaldu dute kasuaren "konplexutasunak" agerian utzi dituela "indarkeria matxistak har ditzakeen hamaika forma". "Erabat deuseztatu" dituzte "indarkeria matxista gorrotozko diskurtso arrazistak hedatzeko baliatzen dituzten hedabide eta jendarteko jokabideak". Nafarroako mugimendu feministak, berriz, gogorarazi du "indarkeria matxistak bost emakume erail dituela aurten Euskal Herrian".
Sexu erasoa, atzo
Adin txikiko bati sexu erasoa egiteagatik 25 urteko gizona atxilo hartu zuen atzo goizean udaltzaingoak Iruñean. 10:45ean, Alde Zaharrean, kalean jasan zituen 17 urteko emakumeak ukituak. Larrialdi zerbitzuetara deitu eta gertatutako kontatu ostean udaltzainak gerturatu zitzaizkion. Emakumeak emandako informazioarekin erasoa izandako lekutik gertu atxilo hartu zuten gizona.