Azaroan hasiko dira Emakumeen Etxeko instalazioak eraberritzeko lanak. Instalazioak antzinako Pablo Sarasate kontserbatorioaren eraikinean daude, Agoitz kaleko 9. zenbakian. Emakumeen eta emakumeendako elkar ezagutzeko, ikasteko eta sentsibilizatzeko gune horrek bost urte beteko ditu urrian; denbora horretan, etxearen eta higiezinaren beharrak aldatzen joan dira. Astearte honetan, Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak instalazioak bisitatu ditu, espazioa erabilera berrietara egokitzeko egin beharreko hobekuntza-lanak zein diren jakiteko.
Iruñeko Udalak 135.500 euroan lizitatu zituen abuztuan eraikina hobetzeko lanak. Behin adjudikatuta –azaroan zehar izanen da ziurrenik–, enpresa adjudikaziodunak hamar aste izanen ditu lanak egiteko. Lanak eraikineko ekitaldi-aretoko estalkia berritzera bideratuko dira, bertan egiten baitira Emakumeen Etxeko jarduera gehienak. Zehazki, lehendik dagoen zuntz-zementuzko plaka eta zurezko petralak altxatzea aurreikusi da, azken horien ordez altzairu galbanizatuzko petralak jartzeko. Isolamendu berria instalatuko da eta erretenak eta zorrotenak ordeztuko dira.
Berritzeko bidean
Lizitatutako lanen artean daude, halaber, ekitaldi-aretora sartzeko gunea eraberritzea, non zoruak eta zurezko estaldurak berrituko diren, bai eta bertan dagoen komuna ere. Barruko ateak eta eraikinera sartzeko atea aldatuko dira, baina ezaugarri berberak izanen dituzte. Lan horiez gain, orain arte biltegi gisa erabili den espazio bat berritzea ere aurreikusi da, Emakumeen Etxeko zuzkidura-espazioen barruan sartzeko eta eskaintzen diren jardueretako batzuk bertan egin ahal izateko.
2019ko urrian inauguratu zenetik, Iruñeko Udalaren eta Iruñeko Emakumeen Etxea elkartearen arteko hitzarmen bati esker, Emakumeen Etxeak 400 jarduera inguru antolatu eta 13.000 pertsona baino gehiago bildu ditu. Urte hauetako programazioari dagokionez, lantegiak, jardunaldiak, ikastaroak, liburu-aurkezpenak eta zineforuma izan dira aipagarrienak, 13.825 pertsonak parte hartu baitute. Gainera, elkar ezagutzeko gune horrek 5.473 pertsonaren eskaerei erantzun die, eta 287 aldiz utzi dizkie espazioak eta aretoak elkarteei eta taldeei.
Programatutako jarduerak ugaritzeak eta elkarteek gero eta eskaera gehiago egiteak Emakumeen Etxeak jendaurreko ordutegia luzatzea ekarri du, lehenbiziko urteetan astelehenetik ostiralera bitarteko arratsaldeetara mugatzen baitzen zabalik egoteko ordutegia. Joan den abuztuaren 29tik aurrera, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 21:00etara zabaltzen da; ostegun eta ostiraletan, gainera, 10:30etik 13:30era ere ematen dute arreta, eta larunbatetan, Emakumeen Etxea 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era zabaltzen da.