Lehen aldiz antolatu du Iruñeko Udalak zenbait kolektiborekin elkarlanean Aniztasun Kulturalaren astea. Urriaren 14tik 19ra ospatuko dute eta eztabaidaguneak, musika, kirola eta artisautza uztartuko dituzte. "Aniztasuna azken garai hauetan mehatxu gisara erabiltzen dutenen aurrean aniztasuna aberastasun gisara hartzen du Iruñeko Udalak", hala adierazi du Berdintasun, Ekintza Komunitario, Auzo, Parte hartze eta Euskara zinegotzi Zaloa Basabek.
Sarasate pasealekuan, O-ko Ama Birjinaren plazan eta Arrotxapeko beisbol zelaian eginen dituzte ekimenak. Txileko dantzaldi tradizional batekin hasiko da Aniztasun Kulturalaren astea, txapelketa ere eginen dutela jakinarazi dute talde desberdinak ariko baitira dantzan. Bi hitzaldi ere aurreikusi dituzte Kondestablearenean: Iruñea Ijitoa izenekoa bat, eta mahai ingurua bestea Hiria, Komunitatea eta Aniztasun kulturala izenekoa. Aniztasun kulturalaren inguruko buloez hitz eginen du Rosario Zanabria politologoak. Ostiral eta larunbatean izanen da musika, kirola eta festaren unea: Goxua'n Salsaren kontzertua eta DJak izanen dira.