Hezkuntza sindikatuek greba mantenduko dute negoziazio faltaren aurrean

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 24a, 11:45

Greba egingo dute ostegunean. Hezkuntzako Mahai Sektoriala izan dute gaur eta, hasi eta berehala, sindikatuek altxatzeko erabakia hartu dute "Gimenok ez baitu negoziaziorako punturik ekarri". Ikasgela bateko ratioak irudikatu dituzte bileran bozeramaileek.

Bilera hasi eta hamar minutu eskasera sindikatuak altxatu dira Hezkuntza Departamentuaren negoziatzeko asmo falta dela eta. Departamentuak helarazi nahi zizkien proposamenak entzun gabe alde egin dutela adierazi du Gimeno kontseilariak eta bestaldean, haren interlokuzio falta salatu dute sindikatuek.

Bileraren gai-zerrendarekin desadostasuna adierazita, STEILAS eta LAB sindikatuetako bozeramaileak izan dira joateko bidea ireki dutenak. Nafar Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez, Hezkuntza Departamentuak Hezkuntzako Mahai Sektorialaren bilera deitu zuen, gai-zerrendan honako bi puntuak jasota: sindikatuen aldarrikapenak aztertzea; eta irakaskuntza indartzeko 1.001 ordu banatzeko akordioa sinatzea, Nafarroako 41 ikastetxetan irakasleak kontratatzeko.

Grebara eraman dituzten arrazoiak zeintzuk diren galdetu die berriro kontseilariak. Gainera, "inolako proposamenik gabe etorri da, eta bileratik alde egin dugu sindikatu guztiok batera", azaldu du Steilasek. Bozeramaileek ikasgela bateko ratioak irudikatu dituzte "Gimenok irakasleon eguneroko ratioak ikusteko".

Bere aldetik kontseilariak otsailean aipatutako datuak ekarri ditu gogora: “Kostuaren kuantifikazioak ezinezko egiten dute eskaeren gauzatzea”. “Bakarrik ratioen murrizketa linealak 131 milioi euroko kostua izango luke", gaineratu du Gimenok.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!