ETS, SÜNE eta Maskak Hatortxu Rock 29ko kartela osatu duten taldeen artean

Bidane Beloki Ezker 2024ko ira. 17a, 11:46

Azken aurreko edizioak badu kartela, Hamazazpi talde igoko dira Atarrabiako oholtza gainera abenduaren 28an. 

26 urte eta 30 edizioren ostean iritsi da agur esateko unea eta azken bi elkartasun jaialdi antolatu dituzte; 29. edizioa abenduaren 28an, Atarrabian, eta azkena, uztailaren 24tik 27ra, Lakuntzan.

Gaur bertan jakinarazi dute zeintzuk diren oholtza gainean izango diren talde guztiak. ETS, SÜNE, Maskak, Marabiyak Sound eta DJ Reimy dira antolakuntzak baieztatu berri dituen azken taldeak. Beraz, hauxe da 29. HTX jaialdiko kartela: Tatxers, Sofokaos, Lehendakaris Muertos, Unidad Alavesa, Arene 6, KOP, Su Ta Gar, Les Testarudes, Roba Estesa, Goxua’n Salsa, Apotheke, TOC, DJ Reimy, Marabiyak Sound, SÜNE, ETS eta Maskak.

ETS taldeak agur historikoa egingo du 2025eko martxoan. Hiru kontzertu egingo ditu taldeak BEC! aretoan hogei urteko ibilbidearen ondoren eta hiruetarako sarrerak agortuta daude. Hala ere, aurretik, Iruñean entzuteko parada izanen da abenduan Hatortxun izango baita taldea.

Antolatzaileen hitzetan “Hatortxu Rockek bere onena emanez joko ditu azken akordeak, egoerak eskatzen duen bezala, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz”. Eta, horretarako sarrerak eskuratu daitezke dagoeneko. HTX 29rako bonoa 25 euroan eta bi jaialdietarako bonoa 105 euroan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!