Irailaren 26rako deitu dute greba sindikatuek eta neurrigabea iruditu zaio erabaki hori Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari. Nafarroako irakasleen egoera pribilegiatutzat jo du kontseilariak eta “ondoen ordaindutakoen artean” daudela nabarmendu du eta Nafarroako ratioak "legezko maximoen azpitik" daudela gaineratu.
Gimenok adierazi du sindikatuen eskaera ulertzen duen arren, ez dela unea eta egoerak ez duela gomendatzen. “Gobernuak zorrotz errespetatzen du sindikatuen grebarako eskubidea”, baina, nabarmendu du “hezkuntza publikoa aukeratzen duten familiei bakarrik egingo diela kalte”.
Soldaten igoera eta ratioen jaitsiera dira sindikatuen eskaera nagusiak eta horiexek negoziatzeko eskumenik ez duela aitortu du Nafarroako Gobernuak. “Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez dator hori. Bestela, Nafarroako Mahai Orokorrera eraman behar da eta, jakina, foru lege batek berretsi behar du", azaldu du Gimenok.
Ezezkoa eman die ere ratioen jaitsierari. Foru Exekutiboak dagoeneko ebaluatu zuen neurri horrek hezkuntza-etapa guztietan izango lukeen kostua. Aurrekontu publikorako “onartezina” da suposatuko lukeen 131 milioi euroko kostua. Gainera, azpiegitura falta ere aintzat hartu beharko lukete. Nolanahi ere, Hezkuntzako Mahai Sektorialarekin negoziatzeko prest agertu da Gimeno.