"Autobusen %85ak du matxuraren bat",salatu du gaur TCC enpresa batzordeko Alberto Longas ordezkariak. Iruñeko villavesekin lan egiten duten gidariek eta mantentze lanetan dabiltzanek elkarretaratzea egin dute Iruñerriko Mankomunitateraren egoitzaren parean. "Arazoak mota askotakoak dira: gaizki dabiltzan ateak, atera ezin geratzen diren arrapalak ...", azaldu du.
Urte eta erdi daramate langileek Mankomunitatearekin eta TCC enpresarekin adostu nahian mantentze-lan egoki bat egin diezaietela autobusei eta tailerren kudeaketa aproposa egin dezatela. "Uda garaian izaten da villavesa gutxien lanean, baina garai hori ere ez dute baliatu autobusen egoera hobetzeko", kritikatu du Longasek.
Kaleratzeak eta espediente zabaltzeak, kritikengatik
Azken astean langile bat kaleratu dutela salatu dute eta beste bati espedientea zabaldu diotela enpresarekin kritiko jarduteagatik: "Enpresak argudiatu du biek giro txarra sortzen zutela lan-taldean", argitu du Longaasek. Enpresaren "estrategiatzat" jo dute bi lankide horiengana jo izana langileak "isilarazi" nahian. Lankideek ez dute jarrera hori onartzen eta protesta egin dute. Langilea berriz hartzeko eta espedientea ixteko eskatu dute.
Villavesa berriekin ere kexak mahai gainean jarri zituzten udaberrian: autobus horien diseinuak ikusgarritasuna galtzea zekarren. Horri irtenbide posible bat eman diotela adierazi du Longasek: Hirugarren ispilu bat jarri diete proba gisara.