Urduritasunez beteriko ikasturte amaiera izan zuten Barañaingo D ereduko Alaitz institutuan, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak batxilergoko lehen mailako taldeetako bat bertan behera uzteko asmoa azaldu baitzuen.
Ikasturte hasiera, aldiz, lasaia izan da, hainbat mobilizazio egin eta gero, ikastetxeko Hezkuntza Komunitateak bere xedea errealitate bihurtu baitu: Alaitz institutuak batxilergoko lehen mailako lau talderekin segituko du.
Udaberrian, Alaitzek 54 aurrematrikula jaso zituen Batxilergo Artistikorako, eta beste 51 Humanitateak eta Gizarte Zientziak eta Zientzia eta Teknologia batxilergoetarako. Artistikoko lerroak ez ziren zalantzatan izan, baina beste bi horietako bat bertan behera uzteko asmoa azaldu zuen Carlos Gimeno kontseilariaren departamentuak. Azkenean, ikastetxeko hezkuntza komunitateak biei eustea lortu du.