Eskualdeko Hiri Garraioa neguko ordutegira itzuliko da astelehenean

Euskalerria Irratia 2024ko abu. 29a, 13:26

Irailaren 2tik aurrera neguko ordutegira itzuliko da Iruñerriko hiri garraioa, berrikuntza batzuekin: gaueko sei linea berri ezarriko dira eta L19a Erripagainatik Burlatara luzatuko da

Irailaren 2tik aurrera, astelehena, Eskualdeko Hiri Garraioa neguko ordutegira itzultzeak zenbait berritasun hartuko ditu barne, Iruñerriko Mankomunitateko lehendakari David Campionek eta Garraio arloko zuzendari Jesús Velascok zehaztu dutenaren arabera. Eguneko zerbitzuaren berritasun nagusia izango da L19 linearen ibilbidea (Barañain – Erripagaña) luzatzea Erripagaña eta Burlata artean. Hain zuzen ere, ibilbidea luzatzea Burlatako Maria Azcarate etorbideraino iritsiko da. Gaueko zerbitzuari dagokionez "berregituratze handi bat" aurreikusten da 2025erako, baina aldez aurretik ere egonen dira aldaketa batzuk datozen hilabeteotan. 

Beste alde batetik, L23 lineak (Cordovilla – Olloki) bi herri horietarako maiztasuna hobetuko du asteburuetan eta jaiegunetan. Hartara, ordutegi berbera edukiko du asteko egun guztietan. Gainera, linea honekin lotuta, eta joan den martxoan Galarko Udalak, Cordovillako Kontzejuak, Irabia-Izaga ikastetxeak eta Iruñerriko Mankomunitateak elkarrekin izenpetu zuten hitzarmenaren emaitza moduan, EHGaren bi geraleku egokituko dira ikastetxe horrek Cordovillan duen egoitzaren mugakide den urbanizazioan.

Campionek azaldu duenaren arabera, IMk aurreikusita du 2025ean berregituratze handi bat egitea gaueko zerbitzuan. "Edonola ere, aldaketa handi horren aurretik, irail honetan zenbait hobekuntza egingo dira, orain arte gaueko zerbitzurik ez zuten edo, eduki arren, presazkoagoa den hobekuntza bat behar zuten biztanleguneei zerbitzua emateko", azaldu dute. Neurri horien artean nabarmendu behar da sei linea berri sortzea:

  • N11 (Berriozar – Andre Maria Erregina): Iparraldetik Artika Berriri eta Artiberriri emango die zerbitzua, eta hegoaldetik, Andre Maria Erreginari. Linea berriak gauero emango du zerbitzua, eta ordu bateko maiztasuna izango du.
  • N12 (Vianako Printzearen plaza – Zizur Txikia)
  • N13 (Vianako Printzearen plaza – Olloki)
  • N14 (Vianako Printzearen plaza – Arre)
  • N15 (Vianako Printzearen plaza – Cordovilla)
  • N16 (Vianako Printzearen plaza – Artika)

Zerbitzua emango diete herri horiei ostegun, ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetako gauetan.

Jada badauden linea batzuetan egingo diren aldaketak ere aipatzekoak dira:

  • N1 (Vianako Printzearen plaza – Zizur Nagusia): maiztasuna hobetuko du, jatorrizko geralekua aldatuko du Iruñearen erdigunean –Vianako Printzearen plaza izatera igaroko da– eta bidaia batzuk Etxabakoitz auzoan sartuko dira.
  • N3 (Merindadeen plaza – Noain – Beriain): buru berria izango du Iruñearen erdigunean, Merindadeen plazan.
  • N8 (Labriteko aldapa – Mutiloa): maiztasuna hobetuko du.
  • N9 (Sarasate pasealekua – Orkoien): maiztasuna hobetuko du eta zerbitzua gauero ematera igaroko da (orain arte ostegun, ostiral eta larunbat gauetan ematen zuen zerbitzua).

Linea berriak sartu ondotik gaueko zerbitzuak izango duen konfigurazioa erakusten duen planoa lotura honetan kontsultatu ahal da.

Ohikoa den moduan, ordutegiak eta maiztasunak sareko zutoin eta markesinetan kontsultatu ahal izango dira, eta bai Eskualdeko Hiri Garraioaren www.infotuc.es webgunean eta ‘Tu Villavesa’ mugikorrerako aplikazioan ere. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!