Adingabe bati jaietan egindako sexu erasoa salatu du Burlatako Udalak

Bidane Beloki Ezker 2024ko abu. 22a, 10:43

Erasoen aurrean aktiboki eta irmoki erantzuteko konpromisoa berretsi du Burlatako Udalak. Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, elkarretaratzea deitu dute "erabateko babesa eta elkartasuna" adierazteko.

Abuztuaren 14tik 20ra bitartean ospatu dira Burlatako festak eta jaietan adingabe bati egindako sexu eraso bat izan dela salatu du Burlatako Udalak. Erasoa asteburuan jazo zen, jaietan zehar, eta eraso horren ustezko egileak atxilotu zuen igandean bertan poliziak.

Udal talde guztiek gaitzespena adierazi dute eta "erabateko babesa eta elkartasuna" adierazi diete emakumeari eta haren inguruari egindako adierazpen instituzionalean. Errespetu osoa eta intimitatearen zein eskubideen babesa eskatu dute taldeek. Burlatako Talde Feministak ere gertakariak gogor salatu ditu eta jaietan "tipologia desberineko eraso gehiago" gertatu direla gaineratu du.

Taldeek adierazi bezala, "kalea, gaua, eguna eta jaiak, pertsona guztien gozamenerako dira, eta ezerk ez du justifikatzen emakumeek askatasuna eta segurtasuna galtzea". Are gutxiago, "espazio seguru bezala" nahi zituzten horietan, nabarmendu dute feministek. "Emakumeek segurtasunez eta askatasunez bizitzeko duten eskubidea" aldarrikatu dute. Erasoen aurrean jarrera aktiboa eta konpromiso irmoa aldarrikatu dute Burlatako eragileek.

Erasoa salatzeko elkarretaratzea deitu du Udalak gaurko, arratsaldeko 19:00etan Larrain plazan. Mugimendu feministak dei ditzakeen komunikatu eta protesta-ekintzekin bat egin du Udalak eta bere aldetik feministek egunotan burutuko diren mobilizazioetara joateko deia zabaldu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!