Iruñeko haur-eskola publikoetako ikasle berrien %37, egoera sozioekonomiko ahuleko familiatik dator. Alegia, 11.907 euro baino gutxiagoko errenta dute. Onarpen-sistema berria eta zikloaren doakotasunari esker, plaza eskatu duten haur guztiak onartuak izan dira, beraz, 297 haurrek udalaren haur eskoletan izango dute plaza.
Ia 300 plaza horietatik 88 Hezkuntza Departamentuaren mendeko eskoletarako dira eta beste 209, Iruñeko Udalaren haur eskoletarako.
Zikloaren doakotasuna aurreko ikasturtetik ezarrita dagoen arren, 2024-2025 ikasturterako eskaerak gora egin du eta 40 eskaera gehiago jaso dira, guztira, 1.484 plaza eskatu baitira. Gainera, ikasturte honetan, Zudairen, Faltzesen, Donibanen eta Santakaran haur eskola berriak irekiko dituzte eta beste zenbait tokitan, Mendigorrian, Uharte Arakilen eta Arangurenen haur eskoletan unitateak handitu dituzte.
Gainera, zikloaren doakotasunak 0-3 zikloaren unibertsalizazioan aurrerapenak ematen lagundu du, eskarira egokituz eta Iruñeko itxaron-zerrenda ia desagerraraziz.
Horrekin batera, hezitzaile plantillaren errefortzua egin du Hezkuntza Departamentuak eta 15 plaza berri sortu ditu hezkuntza-arretaren kalitatea hobetzeko eta hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrei laguntzeko.
Ikasturte honetako beste berrikuntza bat 2 urteko gelak esperientzia pilotu gisa abian jartzea da. Arronizen eta Iruñako Doña Mayor eta Iturrama ikastetxeetan.